Zeledon emakume bat izateari atea ireki dio Neska eta Blusen Elkarteak

Erredakzioa 2023ko api. 18a, 12:20

Zeledonen jaitsiera, 2022ko abuztuaren 4an. / ALEA

Blusa eta Nesken Elkarteak aho batez onartu du hurrengo Zeledon aukeratzeko prozesua. Halaber, Zeledon izateko epeari bost urteko muga jartzea erabaki dute kuadrillek.

Laster iritsiko da Zeledonen erreleboa emateko ordua. 2023an, Gorka Ortiz de Urbina azken aldiz izango da Zeledon, eta, ondoren, 2024. urterako lekukoa lagako dio hurrengoari. Astelehen honetan, apirilaren 17an, Gasteizko Blusen eta Nesken Elkarteak aho batez onartu du hurrengo Zeledon aukeratzeko kontuan izan beharko diren xehetasunen dokumentua; eta gaur goizean aurkeztu diote Udalari.

Aurretik, Blusa eta Nesken kuadrillek bilera bat eskatu zioten Estibaliz Canto Kultura zinegotziari, Gasteizko pertsonaia mitikoari buruzko ibilbide-orri berria aurkezteko. Bilera horretan Batzordeak berak, Batzordeko berdintasun taldeko ordezkariek, zinegotziak eta gaur egungo Zeledonek parte hartu zuten.

Guztiek "atxikimendu osoa" adierazi zioten dokumentuari, baita kuadrillen erabakiari zein autonomiari ere, Blusa eta Nesken Elkartea aitortuz Zeledon ordezkatuko duen pertsona aukeratzeko agente gisa.

Bart gauean onartutako dokumentuak Zeledonen hautaketa prozesurako hainbat urrats ezartzen ditu, besteak beste: erabakiko duten eragileak nortzuk diren, hautaketa-prozesua noiz hasiko den, hautagaien aurkezpena nola egingo den, eta eragileen arteko lan mahaia nola osatuko den. Horrekin batera, Zeledonen papera egingo duen pertsonaren oinarrizko betebeharrak zehazten ditu ere:

  • Blusen eta Nesken Batzordean ordezkaritza duen blusen eta nesken kuadrilla bateko kide izatea.
  • EAEko hizkuntza ofizialetan (gaztelaniaz eta euskaraz) zuzen hitz egiteko gaitasuna izatea.
  • Blusen eta Nesken Batzordeko kuadrilla bakoitzak hautagai bat aurkeztu ahal izango du gehienez.  

Historikoki egin izan den bezala, erabakia hartzeko eragile nagusia Blusen eta Nesken Batzordea bera izango da, asanbladak, juntak eta berdintasun taldeak osatutakoa. Aurretik Zeledon izan diren pertsonek ere prozesuan lagunduko dute, "figuraren garrantziari buruzko esperientzia eta ezagutza emanez".

Zeledon, bost urterako

Blusen eta Nesken Batzordeak erabakiaren "garrantzia" azpimarratu du, "aukerak zabaldu eta oinarriak ezartzen dituelako". Horrela, "Gasteizko edozein pertsonak" amets egin ahal izango du Zeledonen pertsonaia historikoa gorpuztu, Andre Maria Zuriaren kanpandorretik jaitsi eta haren omenezko jaiez gozarazteko.

Baita, jakina, emakume batek ere, orain arte inoiz gertatu ez bada ere. Beraz, 2024ko Gasteizko jaietan emakume bat lehen aldiz Zeledon izendatua izan daiteke, hautaketa prozesuak hori erabakitzen badu.

Bestalde, Blusen eta Nesken Elkarteak Zeledonen ordezkaritza urteak gehienez bost urtera murriztea erabaki du, "Zeledon hiri honetako edozein Blusa edo Neskarentzat lor daitekeen figura izan behar dela ulertuta"; epea laburragoa izan daiteke ere, aukeratutako pertsonak hori eskatzen badu. Aurreko Zeledonek 20 urte baino gehiagoz izan dute titulua.

Zeledon Zalduondon jaio zela dio tradizioak, eta jaitsiera 1957an asmatu zuen gasteiztar talde batek, hiriko jaiei berezitasun bat eskaintzeko asmoz. Orduz geroztik, lau izan dira Zeledon gorpuztu duten gasteiztarrak, orain arte denak gizonezkoak:

  1. Jose Luis Isasi (1957-1975 eta 1977-1979)
  2. Enrique Oribe (1976): Isasi ordezkatu zuen, Martxoaren 3ko sarraskiaren ostean Blusen eta Nesken Batzordeak urte horretako jaiak bertan behera uztea erabaki zuenean.
  3. Iñaki Landa (1980-2000)
  4. Gorka Ortiz de Urbina (2001-2023)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago