Behin eta berriz ekitea, zirriak egitea, nahi ez den kontaktu fisikoa, jende gutxi dabilen lekuetatik jarraitzea… Neska askok "baboseo" deitzen dute, eta zoritxarrez jaietan eta kultur ekitaldi masiboetan jasan "behar" ohi den zama da.
Kultur ekitaldi handietan gertatzen diren horrelako jokabideen aurrean hausnartzeko eta jarduteko gida berri bat kaleratu du Eusko Jaurlaritzak. Eraso sexistarik gabeko kultur guneetarako gomendioen gida horretan, jokabide maskulino kaltegarrietan jartzen da fokua, sexu-eraso larria izan daitekeena baino sotilagoak baitira, "baina era berean kaltegarriak, jaialdietan, kontzertuetan eta kultura-ekitaldi handietan izan ohi den bilakaeraren parte baitira".
Espazio publikoa eta jaietako aisialdia tradizioz gizonezkoen espazioak izan dira, eta gizonen portaera hegemonikoa izaten ohi da horietan, "baina horrek ez du esan nahi ezin direnik aldatu; emakumeak ez dira inbaditzaileak, eta beraz, ez dira haienganako jokabide oldarkorrak normalizatu behar", esaten du gidak.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak azaldu duenez, gidaren helburu nagusia da "aisialdi-eremuetan, edozein motatakoak direla ere, emakumeen aurkako indarkeria ez normalizatzea edo banalizatzea: "Ez dezala inork pentsa zenbait espaziotan jokabide sexistak onar daitezkeenik; erasoen mehatxuak ez dezala emakumeen askatasuna mugatu, ezta kulturaren arloan ere".
Udako jaietako kultur ekitaldi masiboek eskubideen urraketa handien eremua bilakatu daitezkeela ohartarazi du gidak. Izan ere, jaietako espazioetan horren normalizatua dagoen alkoholaren eta drogen kontsumoaren barra librearen logika berdina ezartzen da maiz, emakumeen aurkako jazarpen matxisten eta jokabide matxista tematien kasuan, eta "saihetsezintzat" hartzen dira, onartuak ez izan arren.
San Fermineko ziztadak
Urrunera joan gabe, egoera horren adibide bat Iruñeko San Fermin jaietan izan da, orain dela hamabost egun. Sumisio kimikoko balizko zortzi kasuek eragindako alerta, ia guztiak emakumeek salatutakoak, "baldarkeria" ekintza huts bihurtu dira poliziaren ikerketaren ostean, nahiz eta ekintza, berez, eraso bat den. Gasteizko bi gaztek ere, Florida kaleko diskoteka batean zeudela, ziztada bat sentitu zutela jakin izan da iragan astean.
Emakunderen gidak jasotzen duenez, azken urteotan, kultur ekitaldietan emakumeen parte hartzea modu esponentzialean handitu da. Ekitaldi horietara joaten diren pertsonen %58 inguru emakumeak dira. Bada, nahiz eta emakumeen presentzia handiagoa izan, ekitaldi horien antolaketa ez da egokitu errealitate berri horretara, "izan ere, oso espazio maskulinizatuak dira oraindik, ez seguruak emakumeentzat, orduak eta orduak eman baititzakete nagusi den maskulinotasuna ezaugarritzen duten jokabideen eta harreman moldeen mende, guzti-guztiak normalizatuak eta, areago, indarkeria matxista normalizatzen, justifikatzen edo gutxienera eramaten duten mezuekin eta sinboloekin goretsiak". Izan ere, eremu horietan emakumeen %57k pairatu du sexu indarkeria motaren bat, eta gizonen artean, berriz, %4k.
Alarma gorriak piztuta
Gasteizko Mugimendu Feministak eraso matxisten kontrako protokoloa jarri du abian, berriz ere, uda eta jai giroari begira. Jairik gabe bi urte luze egon ostean, aurten berriz ere premiazkoa ikusi dute protokoloa martxan jartzea, "eredu heteropatriarkalean oinarrituta dagoen jai giroak pribilegioaren erdiguneetatik kanpo geratzen diren gorputzak zapaltzen eta erasotzen jarraitzen duelako", esan dute.
Protokoloak hiru helburu nagusi ditu: kontzientziazioa lantzea, erasoen kontra egitea guztion ardura eta konpromisoa dela ulertaraziz; eraso bakoitzaren aurrean ikuspegi feministatik erantzuteko, hainbat neurri zehatz martxan jartzea; eta erasoen aurrean erantzuteko autodefentsa feministaren aldarria zabaltzea.
Nabarmendu dutenez, Gasteizko jaietan, Mugimendu Feministaren telefono zenbakia aktibo egongo da edozein salaketa, behar edo nahi komunikatzeko. Aurten, Whatsapp eta Telegram aplikazioen bidez komunikatzeko aukera egongo da, 747 414 834 telefonoan. Jakinarazi dute, aurten, mugimendu feministak bazterrak astintzen jarraituko duela, "kaleetan, dantza plazetan, txosnetan eta bestelako espazioetan guri erasotzen segitzen duten bitartean, erantzuteko eta autodefentsarako deia egiten dugu".
Horrez gain, emakume guztiei deia luzatu diete abuztuaren 4an, 23:59an, Beldurrak gurekin jai lelopean Burulleria plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko.