Jai feministen alde

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Mugimendu Feminista 2022ko uzt. 31a, 10:00

Mugimendu feministak antolatutako manifestazio bat. / Alea

"Jaietan ordena soziala, era kondentsatuan, ageriago agertzen da: nor dagoen erdigunean eta nor bazterrean..."

Jaiek askotan salbuespenezko egunak dirudite, parentesi arteko denbora. Baina, kontrara, komunitate baten ordena soziala, era kondentsatuan, ageriago agertzen da: nor dagoen erdigunean eta nor bazterrean; nork betetzen dituen oholtzak, plazak eta kaleak; nortzuk geratzen diren etxeko txokoan; nork duen nahi bezala jokatzeko zilegitasuna; eta zein izan daitekeen zaurgarri(ago). Testuinguru honetan eraso matxisten ofentsiba ere nabaria da.

Horregatik, urteetan aritu gara feministak jai garaian gure salaketa eta aldarriak noranahi zabaltzen eta eraso matxisten kontrako ekimen eta ekintza molde berriak sortzen eta praktikara eramaten. Gasteizko Mugimendu Feminista 2014az geroztik ari da, gero eta auzo gehiagotan eta eragile gehiagoren konplizitatez protokoloak bultzatzen eta indarkeria matxistaren kontrako kontzientzia hedatzen eta sakontzen. Lan handia egina dela ukaezina da; bestela, gogoratu besterik ez dago, duela urte gutxira arte Gasteizko jaietan umore eta tradizioa zela, pegatina bat itsatsiz, neskei titiak ukitzea; umiliazio eta eraso fisiko zuzena, alegia. Edota, esaterako, 2019ko jaien atarian Gasteizko Udaltzaingoak, emakumeei jasan zitzaketen erasoen erantzukizuna leporatuta, kontuz ibiltzeko aholkuak ematen zizkien eta paternalismo ustelena zerien eskuorriak kaleratu zituenekoa. Horren aurrean Mugimendu Feministak argi utzi zuen ez zuela onartuko emakume, trans eta bolleren askatasunaren kontrako horrelako alekzionamendu murriztailerik.

Hala ere, bide luzea dugu egiteko. Sistema heteropatriarkalean sortzen diren botere harremanak jaietako eremuetan ere erreproduzitzen direnez, ezinbestekoa da jaien antolaketa eta garapenean ikuspegi feministatik jardutea: jai batzordearen antolaketan (erabaki gune eta lan-banaketan), egitaraua osatzeko jarraitzen diren irizpideak zehaztean (parte-hartze parekide eta anitza bermatzeko), erasoak aurreikusi eta aurre egiteko protokoloak egitea eta komunikazio ez sexista erabiltzea.

Egin beharreko lanketa norbanako guztiona da lehenik, guztiok erreproduzitzen baititugu bereizkeria egoerak edo haien konplize baikara. Baina lanketa kolektiboa ere izan behar da, antolakuntza eremuetako jarduna birpentsatu eta zalpalkuntza egoerei aurre egiten diena. Eta lanketa hau ez da soilik zapalkuntza egoera horiek jasatzen ditugun emakume eta sexu-genero disidenteen ardura; bada garaia gizonak ere urratsak egiten has daitezen, beren pribilegioez ohartu, uko egin eta erasoen konplize izateari utzi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago