Ia dena prest dago jada Gasteizko jaiei hasiera emateko, eta, Jaietan ere, libre izan nonahi! kanpainaren barruan, Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak ekimen berri bat aurkeztu du gaur: indarkeria matxistaren arretarako eskuragarri dauden baliabideen inguruko informazioa duten 1.000 pegatina eta 1.000 binilo banatuko dituzte hiriko dendetan, ostalaritza establezimenduetan eta Blusa eta Nesken Batzordeko kuadrillen artean.
Pegatinak eta bi aldeko biniloak establezimendu horietako erakusleihoetan edo toki ikusgarrietan jarriko dira. Besteak beste, Gasteiz On elkarteak, Araba Dendek, Aenkomerrek, Kutxiko Taskeroek eta Gasteizko Ostalariek bat egin dute ekimenarekin.
Gainera, jaietako lankidetza abiapuntua baino ez da izango, eta egitasmoa urte osoan zehar koordinazioan aritzeko prestakuntza eta tresnak barne hartuko ditu.
"Emakumeek jaiez aukera berdintasunean gozatzeko, espazio publikoa hartzeko, eraso matxista eta sexisten aurrean erantzuteko eskubidea dute; dagoeneko badugu ostalaritzaren eta merkataritzaren konpromisoa, eta orain herritarrei eskatu nahi diet tolerantziarik ez izateko eraso, jokabide eta jarrera matxisten aurrean", aldarrikatu du Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotziak.
Informazio eta prebentzio puntua
Horrez gain, indarkeria matxistaren aurkako informazio eta prebentzio puntu finkoa abuztuaren 4tik 9ra bitartean Posta eta Independentzia kaleen arteko bidegurutzean izango da. Besteak beste, mugikorrak azkar kargatzeko puntu bat izango dute bertan, emakumeek bateria duen telefonoa erabili ahal izateko; adibidez, urruti bizi direnean etxera bakarrik itzultzeko edo lagunen bat gaizki badago osasun zerbitzuei deitzeko.
Gainera, jarduketa baliabideen inguruko informazioa eta orientazioa emango dute bertan, baita sentsibilizaziorako eta prebentziorako informazioa eta materiala ere. Stand hori zabalik egongo da abuztuaren 4an 17:00etatik 23:00etara, eta gainerako egunetan 18:00etatik 22:00etara.