Ostegun honetan, San Migeleko balkonadan egindako prentsaurreko batean, arabar talde batek Txosnak guztiontzat manifestua aurkeztu du, Mugimendu Sozialistako bi eragilek —Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatuak (ES)— txosna jartzeko aurkitu duten ezintasunaren aurrean.
"Arazoa eta egindako adierazpenak aztertu ostean, gure ikuspuntua publikoki azaleratzea erabaki dugu, konpondu gabe dagoen afera hau ahalik eta modurik egokienean bideratu dadin", adierazi dute. Manifestuak hainbat arlotako hamahiru arabarren sinadurak jaso ditu orain arte: Fernando Antia Txiki, Oihane Perea, Rebeka Gonzalez de Alaiza, Mati Iturralde, Juantxu Ozkoz, Goiza Perez, Oier Azkarraga, Angel Madina Bodegas, Amparo Lasheras, Mikel Elorza, Patxi Garcia Poio, Gorka Aurrekoetxea eta Javi Aguillo.
Gatazka aurtengo otsailean atera zen argitara, hainbat arrazoi direla medio Gasteizko Txosna Batzordeak GKS eta ESri txosna jartzen ez uzteko hartutako erabakiaren ostean. Bi eragileek Gasteizko Txosnen "beto politikoa" salatu zuten; Txosna Batzordeak ez du oraindik gaiaren inguruko adierazpen publikorik egin.
Bost hilabete geroago, joan den astean eta Gasteizko jaien atarian, GKSk eta ESk jakinarazi zuten ezohiko baimen bat eskatu diotela Udalari, txosnagunetik kanpo bada ere txosna jarri ahal izateko. Atzo bertan, bi antolakundeek Kultura Sailaren Goiuri Jauregiko bulegoetaraino eraman zuten protesta, Estibaliz Canto Kultura zinegotziari erantzun bat eskatzeko. Horrez gain, egitarau bat aurkeztu dute Gasteizko jaietarako; tartean, manifestazio bat abuztuaren 7an.
"Aurrekari arriskutsu bat"
"Gauza jakina da, finantzatzeko, eragiteko eta ikusgarritasuna eskuratzeko tresna ezinbestekoa direla dira jaiak eta txosnak", azpimarratu dute Txosnak guztiontzat manifestuaren sinatzaileek. Egoera horren aurrean, salatu dute Mugimendu Sozialistako eragileek "beren jarduna aurrera eramateko eta jaietan parte hartzeko dituzten arazoak ez direla onargarriak".
"Desberdin pentsatu ala ez, gazteen artean indar handia duen mugimendu berri batek jaietan besteen modura eta eskubide eta betebehar berdinekin parte hartzeko une honetan dituen zailtasunak oso larriak dira, eta aurrekari arriskutsu bat izan daiteke", ohartarazi dute. "Kezkagarria iruditzen zaigu gazte batzuei edo besteei horren ardura egoztea, ba daudelako guzti hau saihesteko gaitasuna, erantzukizuna eta bitartekoak dituzten erakunde eta eragile inplikatu ugari".
Ezohiko baimena
Horrenbestez, manifestuaren sinatzaileek Udalaren teilatuan kokatu dute pilota: "Udala bera eta bertan dauden alderdi politikoak ez dira ikusle soil bat, erantzule nagusietako bat baizik. Interes eta kalkulu politikoak alde batera utziz arduraz jokatzeko deia egin nahi dugu. Elkarri entzun eta geroz eta anitzagoa den gizarte, erakunde eta herri mugimenduen ehundura onartu dezagun. Garaiz gabiltza oraindik joko arauak berritu, formula eta espazio berriak sortu, eta elkarlanean oinarrituriko jaien espiritua berreskuratzeko".
"Soluziorik egokiena" Mugimendu Sozialistak txosna hiriko beste gune batean kokatu ahal izatea dela uste dute sinatzaileek, eta eskaera horri "erantzun positiboa" eman diezaion eskatu diote Gasteizko Udalari.