Gasteizko Txosnen "beto politikoa" salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

Erredakzioa 2022ko ots. 10a, 12:30

Gasteizko Txosnagunea, jaietako aurreko edizio batean. / Argazkia: HALA BEDI

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak Gasteizko Txosna Batzordearen "beto politikoa" salatu dute, eta erabakia aldatzeko exijitu diote. Gainera, hainbat bozeramailek kritikatu dute "Herri Mugimendua sozialdemokraten asmakizuna" dela.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatuak joan den igandean sare sozialetan zabaldutako oharrak hautsak harrotu ditu Gasteizen. Izan ere, azken urteetan ezker abertzaletik kanpo sortutako Mugimendu Sozialistako bi kolektiboek salatu dute Gasteizko Txosna Batzordeak jaietan txosna jartzea "debekatu" diela, eta erabakia aldatzeko eskatu diote. Gainera, "beto politikotzat" jo dute txosna jartzen ez uzteko batzordearen gehiengoarekin hartutako erabakia.

"Aurten beste kolektibo batzuk onartu dituzten arren, Mugimendu Sozialistakoak izateagatik debekatu nahi digute Gasteizko Txosnetan parte hartzea", azaldu dute oharrean. "Txosna jartzeko baldintzak betetzen ditugun arren, esan berri digute ezin dugula txosnarik jarri".

Bi kolektiboen esanetan, horretarako hiru arrazoi nagusi argudiatu ditu Txosna Batzordeak: "Agenda mobilizatorio eta estrategia politiko propioak" dituztela, eragile "gatazkatsua" direla eta "difamazio eta gezurtzat" jo dituzten hainbat arrazoi —besteak beste, eraso matxisten aurkako protokoloa ez betetzeko edota txosna batzordea "kontrolatzeko" asmoa dutela—.

Hortaz, txosna jartzeko irizpideak "aniztasun itxura zuritzeko fatxada baino ez direla" uste dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak. Txosna Batzordea askotariko kolektiboek osatzen duten arren, ezker abertzaleari leporatu diote "beto politikoaren" ardura: "Txosnen espazioa, diru laguntzak eta finantzazio iturria ildo politiko jakin baten eskuetan geratzen dira soilik".

Azkenik, egoera hori "Ikasle Abertzaleak kanporatzeko" erabili dezaketela ohartarazi dute; gaur egun, ikasle sindikatua Txosna Batzordeko kide da.

Kontrako sei boto eta bi abstentzio

Oharraren informazioaz harago joan da Ikasle Abertzaleak sindikatuko kide Xabier Losada. Izan ere, Twitter sare sozialean zabaldutako mezu batean, Txosna Batzordearen bileraren inguruko xehetasun gehiago egin ditu publiko.

Adibidez, kolektibo gehienen kontrako botoekin hartutako erabakia izan dela azaldu du: "Sartzearen aurka bozkatu zuten: Ezker Abertzale Ofizialistako hiru antolakundeek (Ernai, Sortu, Presoen lagunak), Mugimendu Feministak, Iraultza 1921-ek eta Sukalde Gerrilla enpresa kooperatibak. Abstentzioarekin erabaki hori legitimatu zuten Hala Bedi Irratiak eta Errekaleor Bizirik-ek. Askapenak eta IAk alde bozkatu genuen".

"Txosna jartzeko irizpide batzuk jartzen dira Udalari begira zein kanpora begira aniztasun eta espazio ireki itxura mantentzeko. Errealitatean eragileek bozka interesatuz erabakitzen dute nor sartzen den eta nor ez. Gasteizko jaietan txosna jartzeko modu bakarra Txosna Batzordearen bidez egitea da. Ondorioz, Udalak eskaintzen dituen espazioa eta diru laguntzak batzuen eskuetan geratzen ari dira soilik. Oraindik garaiz daude erabakia aldatzeko", ohartarazi du Losadak.

Etxebizitza Sindikatuko kide Karla Pisanok "beto politikoa" ezarri ahal izateko bi elementu azpimarratu ditu: "Gasteizko jaietan txosna bat jartzeko bide bakarra pribatizatuta dutela eta 'Herri Mugimenduaren' partaide kontsideratzen diren horien zentzu komuna aldekoa zaiela".

"Herri mugimendua, sozialdemokraten asmakizuna"

Bestalde, Mugimendu Sozialistako kideek herri mugimenduaren inguruan egindako adierazpenak izan dira sare sozialetan zalaparta handiena eragin dutenak. Hain zuzen ere, beste kolektiboekin duten harremana edota herri mugimenduari emandako trataera da sarean gehien leporatu izan zaiena, oraindik Txosna Batzordearen bertsioaren esperoan.

"Herri Mugimendua sozialdemokraten asmakizuna da, formalki independenteak diren gizarte kolektiboen koltxoi baten zuzendaritza politikoa izateko eta nahi bezala erabiltzeko. Argi dago Estatuaren soldatapeko horiek ez dutela independentzia politikoa irensten", adierazi du Mugimendu Sozialistako kide Kolitzak.

Ondoren, ildo beretik mintzatu dira Mugimendu Sozialistako beste kide batzuk. GEDAR hedabideak ere editorial bat eskaini dio gaiari, eta "Sorturen gidaritzapean" aritzea leporatu die Txosna Batzordeko kolektiboei: "Herri Mugimendua delakoa zer den erakusten du erabaki horrek, organikoki zein jarduteko forman Sortu alderdia baino zabalagoa den espazio politiko bat, baina oinarria partekatzen duena eta azken horrentzat erabat osagarria dena".

Txosna Batzordearen bertsioa, laster

ALEAk Txosna Batzordeko ordezkariekin hitz egin du, gertatutakoaren inguruan bere bertsioa jaso eta horren argudioak ezagutu ahal izateko. Jasotako akusazioekin nabarmen haserre, "kolektibo guztien artean hitz egin eta erabakiak hartzeko" denbora eskatu dute; hala ere, datozen egunetan zehar adierazpen ofizial bat plazaratuko dute.

Erlazionatuak

Denak ala inor ez

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Perea 2022 ots 10 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago