GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak ezohiko baimen bat eskatu diote Gasteizko Udalari "txosna jartzeko eskubidea bermatzeko"

Erredakzioa 2022ko uzt. 18a, 11:38

Martin Ziarrustak eta Karla Pisanok egin dituzte adierazpenak. / ALEA

Gasteizko Udalak "beto politikoa" bere egin duela salatu dute, eta "negoziaziorako deia" egin diote.

Gasteizko jaietan txosna jartzeko eskaera joan den urtean egin zutela gogoratu dute Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatuak. "Eta irizpide guztiak betetzen ditugun arren, urtarrilean jakinarazi ziguten eskaera ukatua izango zela, eta ez zaigu inolako arrazoirik eman horretarako". Txosna batzordeko bidea "agortuta", Udalera jo zuten txosna jartzeko eskaerarekin.

Idatzizko eskaera duela bi hilabete egin zuten arren, erantzunik jaso ez dutela azaldu dute. "Hala, ulertzen dugu Gasteizko Udalak bere egin duela txosna batzordeak ezarritako beto politikoa, eta gainera indartu egiten duela". Udalaren baimenik gabe txosna jartzeagatik 100.000 euro baino gehiagoko zigorrak aurreikusten dituela gogoratu dute. "Espazio publikoaren erabilera pribatu bat baimentzen ari dira bi aldeetatik; txosna batzordeak irizpide arbitrarioen bitartez erabakitzen du nor sartzen den eta nor ez".

Egindako eskaerari "entzungor ez egiteko" eskatu diote Udalari, eta bitartean espazio publikoa erabiltzeko duten eskubidearen "berme gisa" aurtengo jaietan txosna jartzeko ezohiko baimena eskatu diote. "Horretarako, txosna jartzeko lau proposamen helarazi dizkiogu, eta bestelako alternatibak bilatzeko prestutasuna dugu", adierazi dute. "Baina hau guztia baloratzeko elkarrizketarako borondatea behar da".

Txosna batzordearekin, bestalde, momentu honetan "elkarrizketa aukerarik ez" dagoela azaldu dute. "Duela bi aste berriz ere luzatu genien aukera elkarrizketa izateko, gure egitaraua prestatzen hasi ginenean, eta berriz ere adierazi digute ez dutela elkarrizketarik nahi". Hartu duten erabakia azaltzeko "justifikazio formalik" eman ez dietela nabarmendu dute.  

Bien bitartean, Gasteizko jaietan parte hartzeko egitaraua prestatzen dabiltzala azaldu dute. "Gure helburua ez da inondik inora inoren jaiak zapuztea, gainerako eragileen baldintza berdinetan parte hartzea baizik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago