Jaietan "beto politikoen" aurkako manifestazioa egingo dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

Erredakzioa 2022ko uzt. 27a, 20:45

"Espazio publikoaren pribatizazioa" salatu dute Goiuri Jauregian. / Argazkia: @GKS_Gasteiz

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak protesta egin dute Kultura Sailaren Goiuri Jauregiko bulegoetan, txosna jartzeko eskatutako ezohiko baimenaren aurrean erantzun bat eskatzeko. Horrez gain, "debekuen gainetik", egitarau bat aurkeztu dute Gasteizko jaietarako.

Asteazken honetako goizean, Mugimendu Sozialistako Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) eta Etxebizitza Sindikatua protesta ekintza bat egin dute Goiuri Jauregian, Gasteizko Udaleko Kultura Sailaren bulegoetan. Bertan, Gasteizko Txosnen "beto politikoaren" aurkako pankarta bat eskegi dute, eta erantzun bat eskatu dute joan den astean txosna beste espazio batean jartzeko eskatutako ezohiko baimenaren aurrean.

GKSk bere sare sozialetan azaldu duenez, Estibaliz Canto Kultura zinegotziak beraiekin bilduko zela ziurtatu die, "leihotik oihuka". Hala ere, segituan Udaltzaingoa iritsi da Aihotz plazan bildutako gazteak identifikatzera eta bilerarik ez zela jakinaraztera.

Egoera horren aurrean, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak "gainontzeko eragileen baldintza berdinetan txosna jarri eta jaietan parte hartzeko eskubidea" aldarrikatu dute. "Onartezina da Txosna Batzordearen zein Udalaren partez ezarri zaigun beto politikoa eta ematen ari den espazio publikoaren pribatizazioa", salatu dute.

EGITARAUA

Joan den asteko astelehenean azaldu zutenez, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak txosna jartzeko lau proposamen helarazi dizkiote Udalari, Txosna Batzordearen bidea "agortuta". Oraingoz txosna baimenik gabe jartzea baztertu duten arren, "debekuen gainetik" egitarau propioa antolatu dute bi antolakundeek.

Abuztuaren 5ean, ostiralean, Bake Faltsua eta Igitaia taldeen kontzertuak antolatu dituzte Burulleria plazan, 20:00etatik aurrera.

Abuztuaren 7an, igandean, Txosnetan beto politikorik ez! lelopean manifestazioa egingo dute 18:30ean Andre Maria Zuriaren plazatik. Ondoren, 20:00etan, Rap Showcase emanaldia antolatuko dute Burulleria plazan.

Egitarauaren azken hitzordua abuztuaren 8an izango da, astelehenean: 20:00etan, Aiztogile kaleko sarrerako Faroloitik abiatuta, bertso-poteoa egingo dute, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Oihane Perearekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago