Gasteizko Urrezko Domina jaso du gaur Arabako Medikuen Elkargo Ofizialak (Icoma), haren 125. urteurrenean. Urte hauetan guztietan Araban lan egin duten 5.000 medikuren baino gehiagoren lana aitortu du Gasteizko Udalak.
Udaletxeko harrera-aretoan eman diote saria, ohiko moduan, Andre Maria Zuriaren egunean, hiriko jaietako egun handian. Ekitaldian izan dira udaleko alderdi politikoetako ordezkariak; Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia; Irma Basterra Batzar Nagusietako presidentea; urrezko dominak, hala nola Mikel Sanchez medikua eta Gasteizko eta Arabako gizarteko ordezkariak.
Icomak Gasteizekin eta Arabarekin mantendu duen konpromisoa nabarmendu du Maider Etxebarriak haren hitzaldian, eta elkargoaren ibilbidea goraipatu du: "Arduraren, hobekuntzaren eta berrikuntzaren adibidea da. Lan hori ordainezina da eta ezin hobeto erakusten du zerbitzu publikoak bermatu eta indartu behar direla, erantzukizunaren eta konpromisoaren gisako printzipioetan oinarrituta". “Garrantzia .
Arabako elkargoak 1898an hasi zuen bere ibilbidea eta, gizartearekiko duen konpromisoaz gain, beti mantendu ditu bizirik oinarriko printzipioak: medikuen lanbidea defendatzea, kode deontologikoa betetzea, etengabeko prestakuntza eta elkargokideen lan solidarioa. Kepa Urigoitiak, elkargoko presidenteak, jaso du domina Maider Etxebarriaren eskutik, eta Udalak egindako aitortza eskertu dio.
Dibulgazioa
2.000 medikuk baino gehiagok osatzen dute Icoma. Egungo elkargokideen %58 emakumeak dira. Urtean zehar dibulgaziorako eta prestakuntzarako ekintzak egiten ditu elkargoak, publiko orokorrari zuzenduak. Esaterako, Bihotzaren Hamabostaldia egiten dute; hari esker, 1.000 pertsonak baino gehiagok jaso dute bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egiteko eta desfibriladoreak erabiltzeko prestakuntza.