Aurreko bi edizioetan irekitako bideari jarraipena eman zioten larunbatean, uztailaren 3an, Agurainen. 2017an, Amurrion, saretzeko beharrari erantzun zioten: "Araban neska* gazte talde ugari zeuden, baita feminismoaren bueltan mugitzen ziren beste hainbat neska* gazte ere, baina ez zegoen haien arteko elkar-harremanik", azaldu dute, atzera begira. Ondoren, bigarren urratsa Zuian eman zuten, 2018an.
Hasieran ezarritako helburuari erantzuteko antolatu dute topaketen hirugarren edizioa, "elkar saretu eta elkarrengandik ikasteko asmoz, baliabideak, ideiak, hausnarketak eta bestelakoak konpartituz".
Egun osoko egitarauaren barruan, topaketak 10:00etan hasi ziren, izen-ematearekin. Ondoren, ezagutza jolasak eta Barne osasuna pandemia garaian hitzaldiarekin jarraitu zuten, hamaiketakoa egiteko atsedenaren aurretik. 13:00etan, feminismotik pribilegio zuria aztertu zuten, identitateen inguruko tailer batekin lagunduta.
14:30ean bazkari autogestionatua egin zuten, eta, ondoren, hainbat jarduera izan ziren arratsalde osoan zehar: bingo musikatua, zunba eta neska gazteen genealogiak, besteak beste. Azkenik, jai eta aldarrikapen giroan amaitu ziren topaketak: 18:30ean, Jone Urruela eta Miriam Buesoren kontzertu akustikoa izan zen, eta, amaitzeko, 19:30ean, manifestazio musikatua.
Espazioen beharra
Pandemiak eragindako egoera honetan saretze hori "are beharrezkoagoa" dela uste dute. "Harreman sozialak garatzeko eta eztabaidarako espazioak sortzeko oztopoak milaka dira, eta espazio horiek esentzialak dira", aldarrikatu dute. Horregatik, "feminismotik eta gaztetasunetik hausnartzeko, eztabaidatzeko, formatzeko eta konspiratzeko" espazioa sortu dute Agurainen.
Argazkiak: Hala Bedi / Bideoa: Arabako Neska* Gazteak
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!