Milioi bat aldiz erabili dira Gasteizko bizikleten aparkaleku seguruak

Erredakzioa 2025ko mar. 5a, 11:58

Aparkaleku seguruen 1.166 plaza eskaintzen ditu udalak. Argazkia: Gasteizko Udala

2018an jarri zen martxan sistema, eta erabilera seikoiztu egin da ordutik. 17 aparkaleku daude Gasteizen, eta hiru berri zabalduko dituzte 2025ean, 150 plaza gehiagorekin.

Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateordeak gaur aurkeztu du VGBiziz bizikletentzako aparkaleku seguruen sarearen balantzea, eta gorakada nabarmena izan dutela azaldu du. Azken urtean %10 hazi da erabilera, eta 255.000 sartu-irten izan dira 2024an soilik.

Guztira, 2018an sarea martxan jarri zenetik milioi bat aldiz erabili dira aparkaleku seguruak, eta sarearen "arrakasta" erakusten dute datuek, Artolazabalen esanetan.2024an 1.275 pertsonak erabili dituzte aparkalekuak.

Egun hamazazpi aparkaleku daude zabalik VGBiziz sarean. 1.166 plaza eskaintzen dira guztira, eta beste 150 gehitzeko asmoa iragarri du zinegotziak. Hiru aparkaleku berri gehituko dituzte 2025ean, Zaramaga, San Martin eta Santsomendi auzoetan, eta 50 plaza izango ditu bakoitzak.

Mugikortasun jasangarrirako bidea

Artolazabalek adierazi du pertsona askoren mugikortasun ohiturak aldarazi dituztela eskaintza honi esker. Aipatu du bizikleta erabiltzeko oztopo nagusietako bat dela aparkatzeko leku segururik ez izatea, eta oztopo hori kendu dutela sare honi esker.

Gainera, hiriko mugikortasuna jasangarriago bihurtzen ere lagundu duela, deskarbonizazioari lotuta. Izan ere, udalaren datuen arabera 287 tona CO2 isurtzea saihestu da hiria bizikleta erabiltzeagatik. "Garraioaren deskarbonizazioa betebeharra da, eta hiri jasangarriago, osasungarriago eta eraginkorragoa" sustatu dutela adierazi du. Bizikleta lehentasunezko garraiobide gisa erabiltzea bultzatzeko asmoa azaldu du alkateordeak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago