Emakume musikarien argazkiekin osatutako erakusketa ikusgai izango da Zabalganako gizarte etxean martxoaren 6tik aurrera. Stuart Macdonald argazkilariak Women to the Front erakusketa ondu zuen 2022an, eta bigarren atalarekin dator orain, 2021 eta 2024. urteen artean egindako argazkiekin.
Martxoaren 6an izango da inaugurazioa, 19:00etan, eta Idoia Asurmendi abeslariak zuzeneko emanaldia eskainiko du, doan. Martxoaren 29ra arte egongo da ikusgai. Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak azaldu du martxoaren 8aren bueltan garrantzia berezia hartzen duela erakusketak, "berdintasunaren arloan lortutako guztia oroitarazten" duelako egunak.
Emakumeek rockean eta zuzeneko musikaren munduan bete duten rola azpimarratu eta ikusaraztea du helburu erakusketak, eta 50 irudiko bilduma ekarri du horretarako. Askotariko musika estiloak batzen ditu bertan, jazza, popa, heavy metala, indiea edo punka, esaterako. Eta hainbat jaialditako irudiak dira, Hell Dorado edo Jimmy Jazz bezalako aretoetatik hasi eta BBK Legends Festival edo Andre Maria Zuriaren jaietaraino.
Ezin denak sartu
Stuart Macdonaldek emakumeen presentziaren igoera nabarmena aipatu du, bere esperientziatik abiatuta. Aurreko erakusketan zaila egin omen zitzaion emakumeen horrenbeste irudi topatzea, baina bigarren honetarako zailtasun nagusia izan omen du "mundu osoan jotzen duten horrenbeste emakumezko artistaren artean hautaketa egitea".
Emakume musikari "legendarioetatik" hasi eta "ondare horrekin aurrera jarraituko duten etorkizuneko izarrak" arte, nazioarteko idoloetatik hasi eta inguruko aretoetan ditugun bertako euskal artistetara. Denetik topa daiteke erakusketan.
Gasteizen bizi den eskoziarra da Stuart Macdonald, eta hamarkadak eman ditu Gasteizko eta inguruetako musika eszenak emandakoa argazkietan gordetzen. Azkena Rock eta BBK Live jaialdietako argazkilari ofiziala da, besteak beste, baina gertuko musika zirkuitu txikiak ikusarazten ere lan eskerga egin du urteotan.