Igandean Zalduondoko inauterien txanda izan zen. Herritar ugari bildu ziren, eta herrian zehar ibilaldia egin ostean Markitos epaitu zuten. Plazan leporatu zizkioten egindako gauza txar guztiak, eta erre egin zuten.
Arabako herri inauteriak berreskuratzen aitzindariak izan ziren Zalduondon. 1936. urtera arte ospatu ziren inauteriak bertan, hainbat testigantzaren arabera, baina frankismoak moztu egin zuen ohitura herrikoia. Etnografo batzuen ekimenez berriz abian jarri zituzten 1975. urtean, eta ordutik (ia) etenik gabe ospatu dira urtero.