'Etengabeko (ber)eraikuntzan' olerki bildumak finantzazioa lortu du

Erredakzioa 2025ko mar. 4a, 13:49

Sara Oregiren ilustrazioek lagunduko dituzte Julene Gatzagaetxebarriaren olerkiak. Argazkia: S. Oregi

Proiektua garatzeko epea izango dute orain, eta maiatzaren 8an aurkeztuko dute emaitza IAKn. "Bizi garen erritmo aztoratu eta frenetikoan" hausnarketarako gonbita luzatu nahi diote irakurleari.

Julene Gatzagaetxebarria eta Sara Oregik sortutako Etengabeko (ber)eraikuntza proposamenak beharrezko finantzazioa lortu du itsulapikoa.eus plataformaren bidez, eta olerki liburu ilustratua garatzeko aukera izango dute datozen hilabeteetan.

Batera - kultur proiektuak elkarrekin proiektuaren baitan aurkeztu zuten proposamena bi gazteek. Lazarraga elkarteak bultzatuta, Gauekoak programa eta Gasteizko Udalaren laguntzaz, hiru proiektu aukeratu ziren Batera deialdian, olerki bilduma izan zen horietako bat, eta crowdfunding kanpainarako laguntza eta zabalpena eman dizkiete hilabeteotan. Urtarrilean abiatu zen diru bilketa, eta 40 egunean 5.887€ lortu dituzte proiektua babestu duten herritarren eskutik.

Helburu ekonomikoa lortuta, olerki bilduma ilustratua ekoizteko garaia heldu zaie sortzaileei. Maiatzaren 8ra arte izango dute, orduan aurkeztu behar baitute emaitza Izaskun Arrue Kulturgunean. Olerkiak Julene Gatzagaetxebarriak idazten ditu, eta Sara Oregirenak dira olerkiak islatzen dituzten ilustrazioak.

Bizitza den bidaia

Denetariko gaiak topatu ahal izango dira Etengabeko (ber)eraikuntza bilduman: bizimodua ikusteko erak, eguneroko kronika kritikoa, pertsonen arteko harremanen eragina, adiskidetasuna, maitasuna… 53 olerkik osatuko dute, Oregiren marrazki "minimalista eta finek" lagunduta.

Etengabeko eraldaketa bilatu dute lan honekin, gustukoa ez dutena aldatu eta ahal den heinean hobetzea. Irakurlea gonbidatu nahi dute eguneroko bizitzako jokaeren inguruan hausnartzera, "bizi garen erritmo aztoratu eta frenetikoan" hain zaila den hori, hain zuzen. Euskal literatura sustatzea ere aipatu dute helburu gisa, haien aletxoa jartzea gutxienez.

"Ez dugu eraikitakoa eraisteko beldurrik izan behar, behera bota denaren gainean berriro eraikitzen jakin behar dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago