Hilaren 16an hasiko da Gasteizko Ganbera Zikloaren hamalaugarren edizioa. Aurten, zortzi kontzertu eskainiko ditu jaialdiak, XVI. mendetik gaur egun arteko errepertorio musikalean zehar ibilbidea eginez, eta musika herrikoian arreta berezia jarrita. Kontzertu guztiak Jesus Guridi kontserbatorioko areto nagusian izango dira, igandetan, 12:00etan, martxotik urrira bitarte, eta Carlos Seco izango da zuzendari artistikoa.
Martxoaren 16an Dolmen Ensemble haize boskotearekin hasiko da. Apirilaren 6an, Antzinako musika The New Old taldearekin. Maiatzaren 18an ahots kontzertua eskainiko dute Helene Garcia Barrenetxea sopranoak eta Alaitz Artola pianoak. Maiatzaren 25ean, berriz, Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketako sarituen kontzertua izango da, eta ekainaren 8an abesbatzen kontzertua. Ikasturte berriarekin batera jarraituko dute emanaldiek; irailaren 7an Victoria Ensembleren txanda izango da, irailaren 28an Trio Klavier igaroko da Jesus Guriditik, eta, azkenik, urriaren 12an Raveli omenaldia egingo diote Victor Parrak, Ivan Casadok eta Alfonso Gomezek.
Abonua (35 euro) eta sarrerak (7 euro) dagoeneko eskuragarri daude www.entradium.com webgunean. Gainera, kontserbatorioko sarreran, kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenago arte egongo dira eskuragarri. 30 urtetik beherako ikasleek eta langabetuek doan sartzeko aukera izango dute.