ARGAZKI GALERIA

Martxoaren 3ko aldarriek bizirik diraute Gasteizen

Erredakzioa 2025ko mar. 3a, 21:53

Milaka pertsona batu dira Zaramagatik Katedral Berrira joan den manifestazioan. Tentsio uneak egon dira manifestarien eta Ertzaintzaren artean.

Martxoaren 3ko monolitoaren aurrean omenaldia egin diete arratsaldean 1976ko sarraskian eraildako Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Pedro Maria Martinez, Bienvenido Pereda eta Jose Castillori, baita haien heriotzak salatzerakoan poliziak hildako pertsonei ere.

Memoria Gune izango den San Frantzisko Asis elizatik abiatu eta Gasteiz etorbidean barrena joan da manifestazioa, 1976an egindako ibilbidea errepikatuz. Gogorarazi dute, hala ere, garaian Generalisimo kalea zela.

Katedral Berriraino joan da manifestazioa, 76ko martxoaren 5ean egindako hileta omenduz. Gainezka egon da Katedral Berriko plaza, sindikatuetako kideek eta Martxoak 3 elkarteek ekitaldia egin bitartean. 

Milaka pertsonak egin dute bat mobilizazioarekin. Ertzaintzarekin tentsio uneak izan dira, Gasteiz etorbidean batez ere. Zaborrontzi batzuk irauli dira eta poliziak manifestazioa moztu du momentu batez bere ibilgailuekin. Tentsioa bukaeraraino mantendu bada ere, Ertzaintza ez da gehiago oldartu.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago