Pilota Lazarragaren teilatuan ikusten du Gasteizko Udalak. Lazarragak, berriz, etorkizuneko proiektu bat aurrera eraman ahal izateko bermeak nahi ditu, eta gaur ez ditu ikusten. Astelehenean, 23. Korrika Gasteiztik igaro zenean, Lazarragak GEU eta ALEAarekin batera egin zuen 1.079. kilometroa, Andre Maria Zuriaren plazan, 21:55ak aldera. Aurretik, 21:00etan, Gasteiz Antzokiaren parean dozenaka lagun elkartu ziren, kulturgunea berehala irekitzeko neurriak eskatzeko.
Biharamunean, asteartean, Gasteizko Udaleko euskara batzordean, herritarren txanda baliatu du Lazarraga Elkarteak Izaskun Arrue Kulturgunean Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea garatzeko dauden arazoak mahai gainean jartzeko.
"Udalak erantzun du proiektuaren alde dagoela eta lehenbailehen ikusi nahi duela martxan", azaldu dio Iñaki Lazkano Lazarragako kideak ALEAri. Baldintza da udalak proposatutako hitzarmena sinatzea. "Hitzarmena sinatzen baldin badugu, hurrengo egunean egon gaitezke bertan lanean; baina oraindik ez dakigu udaleko kontu hartzaileak 2023ko hitzarmenaren justifikazio ekonomikoa ontzat emango duen ala ez. Elkarteari ezinbestekoa iruditzen zaio 2024ko hitzarmena sinatu baino lehen, 2023ko hitzarmenaren zuriketa argituta izatea", azpimarratu du Lazkanok.
Kontuen zuriketarekin batera, hitzarmenaren zirriborroari egindako hainbat iruzkinen eta ekarpenen erantzunaren zain dago Lazarraga . "Elkarteak herritarren txandaren eskaera egin zuen egunean, martxoaren 8an, oraindik ez zuen esku artean inolako hitzarmen proposamenik 2024rako.
Handik egun batzuetara, martxoaren 11n jaso zuen udaleko arduradunengandik lehen diru laguntza hitzarmen zirriborroa, berehala aztertu, eta dagoeneko udalak baditu elkartearen iruzkinak, zalantzak eta ekarpen proposamenak", azaldu dute euskara batzordean.
Beste arazo bat dago Gasteiz Antzokia lehenbailehen zabaltzeko: eraikina oraingoz ez dago erabat hornituta kulturgune batek eskatzen dituen funtzioak bete ahal izateko, "oraindik gabezia ugari ditu". Arazo horri lotuta bi kontu proposatu ditu elkarteak: "Udalak kulturgunerako beharrezkoak diren ikus-entzunezkoen lizitazioa apirilean bertan atera dezala, eta urgentziazko tramitazioa ezar diezaiola".
Diru kontuen justifikazioaren onespena noiz egon daitekeen ez daki Lazarragak, baina argi du elkarteak antzokiaren berehalako irekiera eskatzeko dozenaka lagunek sinatutako agiriak presioa egiteko balio izan duela. "Egiten ari garen presioak balioko du arintzeko", esan du Lazkanok.