Korrika Txikirako berotzen

Erredakzioa 2024ko mar. 13a, 12:57

Korrika Txikiaren aurreko edizioa, Plaza Berrian. ALEA

Martxoaren 21ean, Korrika Txikia egingo dute Gasteizen. Azken kilometroa Olabide ikastolak eta Judimendi eskolak partekatuko dute. Aurten, 36 ikastetxe izango dira eta 12 kilometro inguru egingo dituzte.

Korrikaren ibilbide ofizialaz batera, Arabako hiriburuko txikienek ere hitzordu propioa izango dute martxoaren 21ean, Korrika Txikiarekin. Olabide ikastola eta Judimendi auzoko eskola publikoa azkenak izango dira lekukoa hartzen; eta mezua irakurriko dute bi ikastetxeetako ikasleek, Plaza Berrian. Izan ere, Olabide ikastola bere 60. urteurrena ospatzen ari da; eta, A ereduko eskola D ereduko bihurtzea erabaki dute Gasteizko Judimendi auzoan.

A eredukoa izanik, ikasle guztiak jatorri atzerritarreko familien seme-alabak edo etxean erdaraz bizi diren familiak dira Judimendin. Auzoko guraso euskaldunen seme-alabak ere erakarri asmoz, ordea, D eredura pasako da: bi urteko mailan hasiko da, eta pixkanaka, maila guztiak hartuko ditu euskarazko murgiltze ereduak. "Kalitatezko hezkuntza bermatzeko modurik onena" dela esan dute ikastetxeko arduradunek.

Euskararekin eta eskola publikoarekin duten konpromisoa erakutsi nahi dute, aurten, Korrika Txikiaren azken kilometroa eginez Judimendi ikastetxeko ikasleek.

60 urteko ibilbidea

Duela 60 urte sortu zen, berriz, Olabide ikastola, eta, bertako ikasleek gogoratu dutenez, ordutik euskara izan da ikastolako izatearen eta egitearen ardatza. "Olabide ikastola eraldatzen joan da gizarte berrietara egokituz. Zorionez, nahiz eta ikastola eguneratzen joan, beti mantendu du bere funtsa, euskara".

Gogoratu dutenez, ikastolak euskara eta euskal kulturarekiko konpromiso estua izan du beti, Gasteizera, Arabara eta Euskal Herrira zabalduz. "Hamaika ekintza kulturaletan parte hartu izan dugu gure historian zehar, eta horietako bat Korrika izan da. Olabide ikastolan argi izan dugu beti, euskara ez dela ikasi beharreko hizkuntza bat bakarrik. Euskara bizi behar dugu, ez dadin haria eten".

Hortaz, martxoaren 21ean, arratsaldez, ikastolako Lehen Hezkuntza osoak hartuko du parte Korrika Txikian egokitu zaien azken kilometroan; eta goizean, ikastolako etapa guztietako ikasleek Ahotsu Eguna ospatuko dute.

Zabalganatik Plaza Berrira

Korrika Txikia Zabalgana hiribidean hasiko da arratsaldeko hiruretan. Zabalgana, Ariznabarra, San Martin, Txagorritxu, eta Lakua auzoak zeharkatu ondoren, El Pilar eta Zaramaga auzoetan sartuko da. Ondoren Aranbizkarran zehar jarraituko du, Santa Luzia auzoa zeharkatu, eta zentrora abiatuko da, Plaza Berrian bukatuta. Korrika Txikia urteekin Txikien Korrika handia bihurtu da; eta urtetik urtera metroak gehitu behar izan dizkiote AEKko lagunek ikastetxe guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten.

Aurten 36 ikastetxe izango dira eta 12 kilometro inguru egingo dituzte Gasteizen zehar. Azken jaia Arratsaldeko 16:30ean, lasterketa bukatutakoan, jaialdia izango dute Plaza Berrian. Sumendiko Zunba Herrikoiaren kideen eskutik ondo pasako dute, euskal abestiak guztiek batera dantzatzen. Musika eta giro aparta Gasteizko txikien egun handiari bukaera emateko eta Baionan amaituko den igandeko Korrika nagusirako beroketa egiteko.

Hauek dira lekukoa eramango dugun ikastetxeak:

ALDAIALDE
ARMENTIA
MARITURRI
ZABALGANA
HOGAR SAN JOSE
MIGUEL DE CERVANTES
ABENDAÑO
SANSOMENDI
BARRUTIA
TOKI EDER
IBAIONDO
GORBEIALDE
UMANDI
AITA ORBISO
LUIS ELEJALDE – ROGELIA DE ÁLVARO
SAN VIATOR
LUIS DORAO
NIÑO JESUS
SAN MARTIN
URKIDE
SANTA MARIA  DE VITORIA
LANDAZURI
RAMON BAJO
ODON DE APRAIZ
SAMANIEGO
LOPEZ DE GEREÑU
ARANBIZKARRA
ARANTZABELA
SALBURUA
ERREKABARRI
ANGEL GANIVET
CALASANZ - ESCOLAPIOS
ADURTZA
CARMELITAS SAGRADO CORAZÓN
OLABIDE
JUDIMENDI

Korrika Txikiaren erakusketa

Korrika Txikiaren baitan zenbait ekintza egiten dira Euskal Herriko ikastetxe guztietan; entzutetsuena lasterketa da, baina aurretik, ikastetxeetan giroa piztu eta beroketa lanetan hasteko, marrazki lehiaketa egiten da Gasteizko zenbait ikastetxetan. Edizioko leloa eta mezua kontuan hartuta, eta haien bizipenetatik abiatuz, ehunka umek kolorez betetzen dituzte folio zuriak, zein baino zein originalago.

Marrazki horien artean bat aukeratzen da Korrika bakoitzean, eta hori izaten da edizioko Korrika Txikiko karteleko protagonista. Hala ere, egindako lana saritu nahian, euskaltegira heltzen diren marrazki guzti-guztiak plazaratu dituzte gizarte etxeetan zabalik dagoen erakusketa batean, hilaren 15era arte. Judimendi, Lakua eta Hegoaldeko gizarte etxeetan jarriko dituzte, bakoitzari dagokion ordutegian. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago