Hamabost ekitaldi eskainiko ditu Gasteizko Korrika Kulturalak

Erredakzioa 2024ko ots. 15a, 11:30

Otsailaren 22tik martxoaren 20ra bitartean, musika, literatura, antzerkia, solasaldiak eta bertsoak izango dira Gasteizko Korrika Kulturalean. Aurkezpen sozialerako Arabako ekitaldia otsailaren 28an egingo dute, Montehermoso Jauregian.

Harro herri lelopean, martxoaren 14tik 24ra izango da 23. Korrika, Irundik Baionara. Martxoaren 18an sartuko da Araban, eta astelehen horretan egingo du tarte luzeena gurean, Kanpezutik sartuta. Ondoren, Arabako Errioxa, Mendialdea, Trebiñu eta Añana zeharkatu ostean, Gorbeialdetik iritsiko da Gasteizera, Lautadatik Nafarroara itzuli aurretik. Martxoaren 22an Aiaraldea bisitatuko du Korrikak, eta hilaren 23ko goizaldean, Legution, arabarrei azken ku-ku txiki bat egingo die.

Hilabete baino gutxiago falta da euskararen aldeko ekimen erraldoia hasteko, eta Gasteizko Korrikaren lantaldea eta GEU Elkartea motorrak berotzen hasiak dira jada. Ostegun honetan, hainbat hilabeteko prestaketa lanaren ostean, ohiko aperitiboa aurkeztu dute Arabako hiriburuan: Gasteizko Korrika Kulturala. Kultur ekimenak, Korrikak bezala, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko finantzazioa biltzea du helburu, bai eta komunitate euskaltzalearentzako programazio zabala eskaintzea ere.

Otsailaren 22tik martxoaren 20ra bitartean, ia hilabetez, askotariko eta adin guztietarako hamabost kultur ekitaldi eskainiko ditu Korrika Kulturalak Gasteizen; zehazki, Korrikarekin elkarlanean aritu diren Jimmy Jazz aretoan, Gasteizko Gaztetxean, Baratza Aretoan, Hala Bedi Tabernan, Parral tabernan, Ignacio Aldekoa Kultur Etxean, Errekaleor Auzo Askean eta Ttipia tabernan; bai eta Salburua, Zabalgana eta Abetxukuko gizarte etxeetan, Landatxon, Judimendiko eskolan, Montehermoso Jauregian eta Korrika Dendan ere.

AEKk azpimarratu duenez, programazioa osatzeko ezinbestekoa izan da RPK, Artepan, Mendia Optika eta Gasteizko Udalaren babesletza eta laguntza.

Musika, antzerkia...

Otsailaren 28an, asteazkenean, Montehermoso Jauregian izango da Korrikaren Arabako aurkezpen soziala. 19:00etan ekitaldia egingo dute Montehermoso Jauregian, Ortuño aretoan; horren ostean, 20:00etatik aurrera, Korrika Jaia hasiko da Zapatari kaleko Ttipia tabernan, hainbat binilo jartzailek girotuta.

Eskaintza musikalari dagokionez, Txopet, Katu, Ezezez, Pelax, Ezpalak, Somos Humus, Beinke, Nomaziak abesbatza eta Haizkan taldeen emanaldiak nabarmentzen dira.

Baina antzerkiak ere programazioaren tarte zabala hartuko du, besteak beste Urpekariak umeentzako ikuskizunarekin eta Baratza Aretoaren Bertako Fest jaialdiak eskainiko dituen espektakuluekin: Identitarteak antzezlana, otsailaren 24an; eta Popperra, afterra, utopia... literatura musikatuko ikuskizuna, hilaren 25ean. Gainera, martxoaren 17an, Korrikan jai! Futbolariak eta printzesak antzerkia eskainiko dute Judimendiko ikastetxean. 

...solasaldiak, bertsoak eta Mintzodromoa

Horrez gain, Korrika Kulturalak solasaldi interesgarriak eskainiko ditu ere: otsailaren 28an, Zientziaren izarrak: emakumeak, itzaletik argira, Ana Galarragaren eskutik, Abetxukuko gizarte etxean; eta martxoaren 13an, euskal literaturaren inguruko elkarrizketa saioa, Mikel Ayerbek dinamizatuta, Paul Urkijo zinemagilearekin eta Maite Arroitajauregi Mursego musikariarekin.

Korrika Arabara iritsiko den egunaren atarian, martxoaren 15ean, bertso afari beganoa egingo dute Errekaleorreko Gaztetxean, Andere Arriolabengoa, Xabi Antia eta Eli Zaldua bertsolariekin, eta Hala Bediko Babazorra irratsaioko kideek aurkeztuta. Azkenik, hilaren 20an, GEU Elkarteak Landatxon antolatutako Mintzodromoa izango da Korrika Kulturalaren azken ekitaldia.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago