Irundik Baionara joango da 23. Korrika, martxoaren 14tik 24ra. Oraindik ibilbidea ezagutzen ez dugun arren, jakina, Arabatik eta Gasteiztik igaroko da hamaika egun horietako batean, edo batean baino gehiagotan. Eta oraindik 111 egun falta diren arren, Gasteizko AEKko lagunak buru-belarri dabiltza jada euskararen aldeko ekitaldi erraldoiaren prestaketa lanetan.
23. edizioaren aurkezpenaren ostean, tokiko ekimen sortaren lehen mugarri gisa, Gasteizko AEKk Aldabe kaleko 7. zenbakian jarri du oraingoan Korrika bultzatzeko espazioa, eta bertan aurtengo ediziorako Harro herri lelopean sortutako materiala eskuratu ahal izango da: botilak, kamisetak, lepokoak, banderolak, leggingak, jertseak, giltzatakoak, libretak, motxilak, poltsak, petoak, poloak...
Atzo, ostegunean, Korrika Dendaren inaugurazioa egin zuten, 19:00etan, luntx batekin eta Oinutsik taldearen kontzertu akustikoarekin. Dozenaka lagun bildu ziren irekiera ekitaldian. Izan ere, produktuak saltzeaz gain, ekimen kulturalak eskainiko dituzte datozen lau hilabeteetan, hiriko kultur sortzaileekin elkarlanean. Egitaraua osatu ahala, horren berri emango dute sare sozialetan, @GasteizKorrika kontuen bitartez.
Honako ordutegiarekin lan egingo du Korrika Dendak, martxora bitartean, astero hiru egunetan irekita:
- Ostegunetan: 18:30etik 20:30era
- Ostiraletan: 18:30etik 20:30era
- Larunbatetan: 11:30etik 13:30era
Ordutegi berria izango du abenduaren 16an, 22an eta 23an, bai eta Gabonetan zehar ere, goizez eta arratsaldez egongo baita zabalik, 11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:30era. Horrez gain, uneoro material ofizial guztia Korrikaren online dendan eskuratzeko aukera egongo da ere.
Amaia Lasaga Korrikaren Gasteizko arduradunak aurtengo merchandising-a ekoizteko erabilitako materiala eta dendaren filosofia nabarmendu ditu: "Jasangarritasunean urratsak ematea da helburua, eta, horregatik, saiatu gara ahalik eta plastiko gutxien erabiltzen biltzerakoan. Horrez gain, kamiseta berezi bat dago, Euskal Herrian egindakoa, eta prenda birziklatu eta organikoen alde egin dugu apustu aurten".
Petoekin adi
Korrika Dendaren arduradunek ohar bat utzi dute petoak eskuratu nahi dituztenentzat. Sei euroko prezioan daude salgai, baina aurreko edizioan Korrika heldu aurretik agortu ziren. Hortaz, eskuratu nahi badira "garaiz ibiltzeko" gomendioa eman dute. Gainera, eskaera handia egiteko asmoa dutenen kasuan, internet erabiltzea aukera onena dela azpimarratu dute.
Nolanahi ere, euskaltegietan petoen salmenta egingo dute egun eta ordutegi zehatz batzuetan, eta kale salmentarako hitzordu bereziak ere iragarriko dituzte. Aurrerago emango dute horren inguruko informazioa.
GASTEIZKO KORRIKA DENDAREN INAUGURAZIOA ❤️🔥🫰🏾
— Gasteizko AEK korrika (@gasteizkorrika) November 23, 2023
Mila esker gerturatu zareten guztioi 🙌🏾
Hemendik aurrera zabalik izango duzue korrikako materiala eskuratu ahal izateko👋🏾
Ostegun eta ostiraletan 18:30-20:30 eta larunbatetan 11:30-13:30#HARROHERRI pic.twitter.com/DdB0wky5nr