Mursegoren eskutik dator 23. Korrikaren soinua: "Pop-barroko kantu bat da"

Erredakzioa 2023ko abe. 12a, 17:00

Kalean da 'Harro herri', 2024ko Korrikaren kanta. Maite Arroitajauregik konposatu eta sortu du, Amaia Astobiza, Ibon Rodriguez, Mikel Intxausti eta musikari askoren laguntzarekin. Amaia Badiolak bideoklipa zuzendu du.

Harro herri lelopean, 2024ko martxoaren 14tik 24ra egingo dute 23. Korrika. Irunen hasi, Euskal Herria zeharkatu, eta Baionan amaituko da hamaika egun beranduago. Leloa izenburutzat hartuta, Korrikaren 23. abestia plazaratu berri du AEKk, bai eta, horrekin batera, bideoklipa ere. Eibarko Juan Bautista Gisasola musika eskolan egin dute aurkezpen ofiziala, astearte honetan.

Amaia Astobizaren hitzak dituen abestia Maite Arroitajauregi Mursegok konposatu du, ahotsa, txeloa eta midiak jartzeaz gain. Berak gidatu du prozesua, eta ondoan izan ditu, ekoizpen lanetan, Ibon Rodriguez eta Kau Kori Kura taldeko Mikel Intxausti.

Arroitajauregik pop-barroko gisa definitu du ondutako pieza, eta aitortu du berak egindako lanen artean "ezberdina" egin zaiola, gutxi baitira enkarguz egindako lanak. Kanta "pertsona askok osatutako lantalde batek" sortu duela azpimarratu du artista eibartarrak. Horrelako kantuekin egon ohi diren "inertzia edo ohiturak kolokan" jartzeko erronka hartu du musikariak oraingoan: "Korrika egiteko ez dago modu bakar bat, ez dago kanta bakar bat, bideak baditu gorabeherak eta bihurguneak", adierazi du.

Kantu berritzailea denik ezin uka. Sei edo zazpi zati dituela azaldu du Arroitajauregik: "Kantuaren barruan hiru kanta ezberdin, eta mini-sinfonia moduko zerbait oharkabean. Atea zabaldu diegu azelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei... Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari".

Artistak azaldu duenez, letratik abiatu ziren pop abesti bat bilatzeko. Behin hezurdura eta melodia nagusia argituta, hasi ziren konponketak proposatzen eta "jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, %100ean ados egon arte". Halaber, aitortu du "berrehunka" pista zirriborratu eta milaka aldiz entzun zituztela, behin betiko emaitza lortu arte.

Betiere kontuan izan dute horrelako abesti bat "publiko zabalari zuzenduta" dagoela, eta berdin balio behar duela "umeek abestu eta dantzatzeko, lagunarteko festarako, zein errepidean denok bat eginda oihukatzeko".

Kolaborazio ugari

Abestia sortzeko musikari ugariren kolaborazioarekin kontatu du Mursegok: Ibon Rodriguez bera, ahotsetan, gitarrarekin, pianoarekin, teklatuarekin eta midiekin; Mikel Intxausti, ahotsetan eta midiekin; Ibil Bedi taldeko Areta (bibolina eta ahotsak), Amets (ahotsak), Ibai (ahotsak) eta Eder (perkusioa); Aida Torres, baterian; Marie Hirigoyen, flauta eta ahotsetan; eta Asier Ituarte, tronboiarekin.

Gainera, Maialen, Lili, Peru, Niko, Pagoa, Antton eta Pantxixen ahotsak ere entzun daitezke Noise Estudioan grabatutako eta nahastutako.abestian, bai eta Urretabizkaia Txarangaren haizeak ere.

Bideoklipa

Abestiarekin batera aurkeztutako bideoa sortzeko, Amaia Badiola Elgezabalen zuzendaritzapean aritu dira Gerard Borras, kameran eta edizioan, eta Jorge R. Barraycoa, kamerari gisa. Bideoan, Donostiako hondartzan berariaz grabatutako irudietan agertzen dira, besteak beste, Mursego bera eta Korrikako arduradun Ane Elordi Alburquerque, hainbat ume eta lagunekin batera.

Horrez gain, eta protagonismo nabarmenarekin gainera, azken 43 urteetan egindako Korrikaren 22 edizioetako artxibo irudi historikoak erabili dituzte bideoklipean. Korrikaren inguruan izandako bilakaera islatu nahi izan dute horrela: "Gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak... baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere. Izan ere, denboraren aurrera egite horrek euskararen erresistentzia ere irudikatzen du", aldarrikatu dute.

"Bideoklipa batzuetan da nostalgikoa, beste batzuetan polita... eta punkia ere izan daiteke", egilearen hitzetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago