Euskalgintzako hamahiru eragilek beren kezka publikoki adierazi nahi izan dute prentsara igorritako ohar batean. Horren bitartez, Gasteizko Udalari Izaskun Arrue Kulturgunea izango dena ireki ahal izateko behar beste neurri har ditzala eskatu nahi izan diote.
Zegokion lehiaketa publikoa esleitu ostean, espazioa kudeatzeko ardura izango duen Lazarraga Kultur Elkarteak eskaera zuzena egin zion iragan irailean PSEk eta EAJk osatutako Gasteizko udal gobernu berriari. Zehazki, "beharreko izapide guztiak eta baldintzak urtea amaitu aurretik bideratzea" eskatu zuten Lazarragako kideek une hartan.
Halere, hilabeteek aurrera egin arren, egoerak ez du aurrerapauso nabarmenik izan, eta proiektuari dagokion arreta eskaini diezaion eskaera euskalgintzako hainbat eragileren eskutik iritsi da oraingoan.
GUTUNA
Izaskun Arrue Kulturgunea: itxaronaldi luzeegia eta berme gutxiegi
Gasteizen euskararen biziberritzean eta normalizazioan aritzen garen eragile, talde eta erakundeok gure ezinegona eta kezka larria adierazi nahi dugu Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK) proiektuaren egoera dela eta. Izan ere, 2024ko martxoan sartu berri gara, eta oraindik kulturguneak ez ditu ateak zabaldu, eta are okerragoa dena, ez dauka ateak irekitzeko datarik.
"Zabaltzeko arazoen berri eman bazitzaigun ere, konponbide gutxi azken sei hilabeteetan"
Obrak amaitu berritan, publikoki esan zen iazko udaberrirako zabalduko zela, eta ez zen horrela izan. Hauteskundeak etorri ziren, alkate aldaketa, eta IAK zabaltzeko arazoen berri eman bazitzaigun ere, konponbide gutxi azken sei hilabeteetan. Udal gobernuak, lehengo lepotik burua, proiektuaren jarraikortasunaren berme osoa ziurtatu gabe segitzen du.
Ondorioa garbia da: 2022ko uztailean Oihaneder Euskararen Etxea itxi zenetik, gasteiztarrok kulturgune euskaltzalerik gabe gaude. Bertan antolatzen ziren ehunka jarduerez gozatu ezinda, eta gure egitasmo ezberdinak aurrera eramateko erreferentziazko lekurik gabe.
Udal gobernuaren ardura eta erantzukizuna da denon artean onartuta eta adostuta dugun proiektu hau martxan jartzea berehala. Ezin da aitzakia gehiagorik onartu; bihar berandu izango da, beraz, gaur nahi ditugu ate horiek gurutzatu, bertan euskaraz bizi eta lan egiteko.
"Udal gobernuaren ardura da denon artean adostuta dugun proiektu hau martxan jartzea berehala"
Jakin badakigu, Lazarraga Kultur Elkartea helburu hori lortzeko etengabe ari dela lanean, baina zalantzak pizten zaizkigu ea udal gobernuarentzat lehentasunezko gaia den kontu hau. Ezin dugu onartu atzerapen gehiago. Udalak IAK proiektua lehenbailehen martxan jarriko dela bermatu behar du, eta bere konpromisoak bete behar ditu egitasmoa kudeatuko duen elkartearekin.
Espero dugu laster izatea berri onak, eta dei egiten diegu Gasteizko hiritarrei, gainontzeko eragile euskaltzaleei eta udalbatza osatzen duten gainontzeko alderdiei, IAK berehala martxan jartzeko behar den bultzada eman dezaten.
Gasteizko udal gobernuari, proiektuak behar dituen bermeak mahai gainean jar ditzala eskatzearekin batera, lehenbailehen zabalik izatea nahi dugula jakinarazi nahi diogu.
Laster berri onak izango ditugulakoan, euskara eta kultura uztartzen dituen eta hiriarentzat hain beharrezkoa den proiektu honi gure babes osoa erakutsi nahi diogu.
Sinatzaileak
- GEU Elkartea
- Arabako ALEA
- Bai Euskarari Elkartea
- Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)
- Euskaltzaleen Topagunea
- Bertsozale Elkartea
- Gasteizko AEK
- IKA
- Hegoalde euskaltegia
- Udaberria euskaltegia
- Zabalgana Euskara Taldea (ZET)
- Sarburu Kultur Elkartea
- Judimendiko Euskara Batzordea