AHTaren obrak balira bezala, Izaskun Arrue Kulturgunearen irekiera data atzeratu egin da berriz ere. 2022ko urrian, Ruiz de Bergaratarren Jauregia eraberritzeko urte eta erdiko obrak amaituta, 2023ko urte hasieran irekitzeko prest egongo zela ziurtatu zuen Gasteizko Udalak, prentsaurrean egindako aurkezpenean.
Baina ez da hala izan. Are gehiago, oraindik ez du ezta irekiera data zehatzik ere, Maria Nanclares (PSE) Euskara zinegotzi berriak udal batzorde batean gaur baieztatu duenez. Zinegotziak ziurtatu du udala "erlojupean" lan egiten ari dela Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea hartuko dituen eta Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatuko duen espazio berria "lehenbailehen" martxan jarri ahal izateko.
Hala ere, hainbat arazok eragin dute atzerapena: besteak beste, taberna martxan jartzea, ekipamenduak instalatzea, obra arazoak, egiturazko akatsak konpontzea eta izapidetzeko lizentzia batzuk falta izatea. Nanclaresen arabera, eraikina altzariz hornituta dago jada, baina ikus-entzunezko ekipo teknikoak eta baliabide eszenikoak falta dira oraindik, eta horrek "aurreikusita zegoena baino lan handiagoa" suposatu du.
"Beharrezko jarduketa guztiak eginda daudenean eta eraikinera sartzeko aukera dagoenean irekiko da. Orain egoera ez da optimoa, eta gobernu gisa ezin dugu oniritzia eman txostenak aldekoak ez direnean", azaldu du zinegotziak.