Gasteiz Antzokia lehenbailehen irekitzea eskatu du Lazarraga Kultur Elkarteak

Erredakzioa 2023ko ira. 22a, 13:30

Gasteiz Antzokiaren areto nagusia. ALEA

Izaskun Arrue Kulturgunea urte amaiera aurretik martxan jarri ahal izateko "egin beharreko izapide guztiak azkar ditzala" eskatu dio Lazarraga Kultur Elkarteak udal gobernuari. "Atzerapenak kalte handia egiten dio proiektuari", salatu dute.

Ruiz de Bergaratarren Jauregia eraberritzeko urte eta erdiko obrak amaituta, 2023ko urte hasieran irekitzeko prest egongo zela ziurtatu zuen Udalak 2022ko urrian, prentsaurrean egindako aurkezpenean. Baina ez da hala izan.

Aste honetan bertan, Maria Nanclares Euskara zinegotziak baieztatu du Izaskun Arrue Kulturguneak ez duela oraindik irekiera data zehatzik, ekipamenduak instalatzeko eta taberna martxan jartzeko atzerapenak direla eta. Gasteizko Udaleko Euskara, Kultura eta Hezkuntza eta Kirol, Osasun eta Lankidetza Batzordean eman zuen egoeraren berri, asteartean. Eta udal arduradunek gauza bera jakinarazi diote Lazarraga Kultur Elkarteari, elkarrekin izandako bileretan.

Egoera horren aurrean, datozen urteetan espazioa kudeatzeko ardura izango duen Lazarraga Kultur Elkarteak eskaera zuzena egin dio PSEk eta EAJk osatutako Gasteizko udal gobernu berriari: "Azkar ditzala egin beharreko izapide guztiak eta baldintzak bidera ditzala urtea amaitu aurretik Izaskun Arrue Kulturgunea martxan jarri ahal izateko", adierazi du elkarteak, ostiral honetan zabaldutako ohar batean.

Sei hilabeteko blokeoa

Gasteizko Udalak eta Lazarraga Kultur Elkarteak aurtengo martxoan sinatu zuten kulturgune berriaren kudeaketa gidatuko duen hitzarmena. "Urte hasieratik elkartea saiatu da uda ostean Gasteizko hiritarrei kultura egitasmo euskaltzalea eskaintzen, baina oraindik ez da posible izango. Zoritxarrez, Udalak hartu beharreko erabaki batzuk ez ziren garaiz hartu, eta orain, ondorioak ari gara pairatzen".

Izan ere, Lazarraga Kultur Elkarteak urte osoa darama lanean. Azaldu dutenez, dagoeneko prest dute kulturgunean gauzatu beharreko programazioa, baita kudeaketa, komunikazio eta programazio planak ere, dena udazkenerako prest, baina oraindik ezin du ezer aurrera eraman.

Elkartearen ustez, aurreko udal gobernua gidatu zuten ordezkariek "ardura zuzena" izan dute oraindik bere ateak zabaldu ezin dagoen kulturgunearen egoeran. "Etengabeko atzerapen hauek kalte handia eragiten ari dira proiektuaren bideragarritasunean", ohartarazi dute. Halaber, elkarteak Arabako hainbat eragile erreferenteekin proiektua babesteko hitzarmenak landu ditu, eta, salatu dutenez, "egoerak ez du batere laguntzen adostutakoa betetzen".

Data zehatzik gabe

"Beraz, nahitaezkoa da lehenbailehen ziurtatzea kulturgunea urtea amaitu aurretik zabalduko dela", aldarrikatu dute. "Kezka eta ezinegona behin eta berriro jakinarazi diegu oraingo udal arduradunei, eta arretaz entzun arren, oraindik ez da lortu kulturgunea zabaltzeko data bat ezartzea".

2022ko ekainaren 30ean Oihaneder Euskararen Etxeak bere jarduera eten zuenetik, "arazoak bata bestearen atzetik" etorri direla kritikatu du Lazarragak, "planifikazio egoki bat falta izan delako".

"Horren ondorioz daramate Gasteizko hiritarrek hamabost hilabete euskarazko kultura jarduera murriztuta, sorkuntzarako leku eta laguntzaren faltan eta euskaltzaleon topagune izateko erreferentziazko gunerik gabe", gaineratu dute. "Garaia da egoera hau bideratzeko eta, lehenbailehen, gasteiztarrek gogotsu espero duten kulturgune euskaltzaleak bere ateak parez pare zabal ditzan. Lazarraga Kultur Elkartea ahalegin horretan ari da buru-belarri, eta espero du gainontzeko eragileak ere zentzu horretan lanean aritzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago