Lazarraga Kultur Elkarteak, ostegun honetan plazaratutako ohar batean, "Gasteizko kulturgune euskaltzalea ahalik eta lasterren martxan jartzeko ahaleginetara batzeko" dei egin du, azken asteetan tokiko hedabideetan agertutako berrien harira. Oharrean, Izaskun Arrue Kulturgunearen kudeaketaz arduratuko den elkarteak eskaera "zuzena" egin die Gasteizko udalbatza osatzen duten alderdi guztiei: "Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea proiektua aurrera eramateko babesa eman dezatela".
"Aginte ardurak dituztenei prozedurak azkartzeko, arazoen aurrean alternatibak proposatzeko eta irekiera egoki baterako baliabideak ipintzeko; eta oposizioko alderdiei, egin beharreko kontrol lana eginda ere, egitasmoa babesten jarrai dezatela", eskatu die Lazarraga Elkarteak.
Kulturgunean garatuko den egitasmoarekiko "konpromiso osoa" berretsi du Lazarragak: "Zailtasunak zailtasun, lanean dihardugu irekiera lehenbailehen izan dadin. Hilabete hauetan egindako lanek emaitzak izango dituzte, laster, Izaskun Arrue Kulturguneak bere jarduna martxan jartzen duenean".
"Proiektua kolokan jartzea ekarriko luke"
Jasotako diru-laguntzak itzultzeko PPk egindako eskaeraren aurrean, azaldu dute Lazarraga Elkarteak diru-laguntza izendun hitzarmen bat duela Gasteizko Udalarekin, 2023. urtean zehar proiektua garatzeko: "Bertan aipatzen diren jarduera nagusiak dira: proiektuaren diseinua eta definizioa, hiriko euskal eragileekin lankidetzan; komunikazio estrategiaren garapena; eta kultura, prestakuntza eta ezagutza sustatzeko programazioaren diseinua eta gauzatzea".
"Aurten, hilabetez hilabete, eta eraikina prest ez izateak sortzen dituen zailtasunei aurre eginda, hiru jarduera horietatik lehenengo biak ia osorik bete ditu Lazarragak", azpimarratu dute. "Azkenengo jarduerari dagokionez, elkarteak programazioa hainbat aldiz diseinatu eta planifikatu du, eman diren atzerapen guztietara egokitzeko. Zoritxarrez, programazioa momentuz ez da gauzatu, baina horrek ez du esan nahi lanik egin ez denik; aitzitik, erruz aritu da lantaldea aukera ezberdinak lantzen eta irtenbide anitzak proposatzen".
Horrez gain, Lazarraga Kultur Elkarteak argitu du hitzarmenean jasotako diru kopuruaren zati bat baino ez dagokiola programazioa gauzatzeari: "Ekitaldiaren amaieran, hitzarmenean zein legedian jasotzen den bezala, gastatu gabeko diru kopurua itzuliko zaio udalari. Baina elkarteak ezingo luke proiektuaren diseinuan eta definizioan jadanik inbertitutako diru kopurua itzuli, ezta komunikazio estrategian eta programazioaren garapenean eta planifikazioan gastatutakoa ere. Ez litzateke ez bidezkoa ez legezkoa izango; are gehiago, proiektua kolokan jartzea ekarriko luke", ohartarazi dute.
"Bide luzea eta lan handia"
Azkenik, Lazarraga Kultur Elkarteak Izaskun Arrue Kulturgunean gauzatuko den proiektuarekiko "konpromiso osoa" eta "lehenbailehen irekitzeko gogoa" adierazi ditu, eta hori "ahal bezain azkar gerta dadin etengabe lanean" ari dela ziurtatu du. Horrez gain, Gasteizko eragile guztiekin proiektuaren nondik norakoen inguruan duen informazio guztia partekatzeko prest dagoela azpimarratu du elkarteak, "baita prozesu luze honetan ager daitezkeen ezinegonei erantzuna emateko ere".
"Bide luzea eta lan handia egin da orain arte: 2012an hasi ginen proiektuaren oinarriak lantzen eta Oihaneder Euskararen Etxea izan genuen zortzi urtez (2014-2022). Espero dezagun, berandu baino lehen, Gasteizko hiritarrek Izaskun Arrue Kulturguneko ateak zeharkatu ahal izatea euskal kulturaz murgiltzeko eta gozatzeko", aldarrikatu dute.