Gasteiz Antzokiak sei hilabete gehiago beharko ditu ateak zabaltzeko

Erredakzioa 2023ko aza. 7a, 09:30

2022ko urrian, Urtaranek ziurtatu zuen 2023ko urte hasieran prest egongo zela. ALEA

Kontratazio eta instalazio epeek 2024ko maiatzera atzeratu dezakete Izaskun Arrue Kulturgunearen irekiera. Udalak aurreikusi du 150.000 euro gehiago beharko dituela agertokia, argiztapena eta ikus-entzunezko sistemak martxan jartzeko.

Udalaren azken urteetako kudeaketak Gasteiz Antzokia martxan jartzeko atzerapen eta gainkostu gehiago ekarri ditu: gutxienez 150.000 euro eta sei hilabete gehiago beharko dira kultur azpiegitura berriaren ateak ireki ahal izateko, El Correo egunkariak esklusiban aurreratu duenez.

2022ko urrian, Ruiz de Bergaratarren Jauregia eraberritzeko urte eta erdiko obrak amaituta, 2023ko urte hasieran irekitzeko prest egongo zela ziurtatu zuen Gasteizko Udalak, prentsarekin egindako aurkezpenean.

Baina ez da hala izan. Are gehiago, momentuz ez du ezta irekiera data zehatzik ere, eta Maria Nanclares (PSE) zinegotzi berria —Iñaki Gurtubairen (EAJ) ondorengoa— buru duen Euskara Zerbitzuaren arabera, 2024ko maiatza da irekiera datarik baikorrena. Izan ere, ikuskizunak eta kontzertuak egin ahal izateko hainbat zeregin falta dira oraindik:

  • Kontratazio publikoa agertokia, argiztapena eta ikus-entzunezko sistemak instalatzeko.
  • Agertokia erostea: 12.000 euro inguru eta bi hilabeteko tramitazioa.
  • Argiztapena: 93.000 euro, bost hilabeteko tramitazioa, eta instalazioa.
  • Ikus-entzunezko sistemak: 18.000 eta 140.000 euro artean, eta hiru eta sei hilabete artean.
  • Jarduera lizentzia ematea Lazarraga Kultur Elkarteari.
  • Zuzenketak 2022ko urrian, duela urtebete baino gehiago, amaitutzat emandako obretan.
  • Konponketak: uztaileko txingorraren ondorioz jasandako kalteen ondorioz.

Horrez gain, jarduerarekin hasteko ezinbesteko beste urrats bat izango da soinu-mugatzaileak instalatzea, dezibelioak neurtu eta araudiak ezarritako mugetara moldatzeko. Behin hori eginda, bulegoak irekitzea espero du udalak, baita baldintzak betetzen dituzten tamaina txikiko jarduerak pixkanaka egiten hastea.

KRONOGRAMA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago