Ruiz de Bergara jauregia berritzeko lanak amaitu dira jada, eta Izaskun Arrue Kulturgunea gero eta gertuago dago. Gasteizko Udaleko Gobernu Batzordea datorren ostiralean, hilaren 21ean, aterako du azpiegitura berria kudeatzeko proiektuak aurkezteko lehiaketa; deialdiaren oinarriak egun horretan jakinaraziko dituzte. Datozen asteetan, gainera, beste bi kontratu aterako dituzte lizitaziora: azpiegitura berrirako altzariena eta ikus-entzunezko baliabideena.
Urrats erabakigarri horren atarian, hedabideentzako bisita gidatu bat eskaini dute astearte honetan Gorka Urtaran alkateak, Iñaki Gurtubai Euskara zinegotzi eta alkateordeak, eta Cesar Fernandez de Landa Ingurumen Plangintza eta Kudeaketarako zinegotziak. Bertan izan da ALEA, Gasteizko euskaldun komunitatearen etxea izango dena bertatik bertara ezagutzeko.
Bertan, kultur proiektuaren lehiaketa iragartzeaz gain, Gasteiz Antzokiaren eta Euskararen Etxearen irekiera data aurreratu du alkateak: 2023ko udaberrian irekiko ditu ateak, oraingoz data zehatzik ez dagoen arren.
"Izaskun Arrue Kulturguneak euskarazko edukiez gozatu eta hizkuntza ohitura berriak sortu ahal izateko gune bihurtu beharko du, baina baita gasteiztar guztiei irekita egongo den topagune ere. Gure hizkuntzarentzako etxe berri bat nahi dugu, sentitu, dantza egin, jendea ezagutu, ondo pasatu... ahal izateko tokia", aldarrikatu du Urtaranek.
Nolakoa izango da kulturgunea?
Ruiz de Bergara jauregia berritzeko 2,6 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Zikotz SA enpresak egin ditu lanak. Horri esker, egituran, isolamenduan eta beste egokitzapen batzuetan esku hartu da, eraikina Izaskun Arrue Kulturgunea hartzeko prest uzteko.
Kultur azpiegitura berriak bi sarrera eta lau solairu izango ditu:
- Beheko solairurako (213 metro koadro) sarbidea Errementari kaletik izango da. Sarreratik gertu funtzio anitzeko aretoa izango da, eta bertan, erakusketak hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izango dira. Proiekzioetarako eta interpretaziorako kabina teknikoak ere egokitu dira, baita biltegiak, komunak eta aldagelak ere.
- Lehen solairuan (349 metro koadro guztira), batez ere, Izaskun Arrue Kulturguneko espazio eszeniko nagusia egongo da. Zapatari kaletik edo Errementari kaletik izango du sarbidea. Zapatari kaleko atetik sartzean, ostalaritzako gune bat eta sukaldea aurkituko ditugu, eta, aurrera joanez gero, Gasteiz Antzokiaren areto nagusia topatuko dugu: 130 metro koadroko espazioa, bi solairukoa, askotariko ikuskizunak, kontzertuak edota antzerkia hartzeko balioko duena, eta zutik zein eserita ikusteko emanaldiak eskainiko dituena.
- Bigarren solairuan (243 metro koadro) lantegiak, komunak eta lanerako beste gune batzuk izango dira. Solairu berean, Errementari kalera ematen duen eremuan, berriz, erabilera anitzeko gunea egongo da. Gune hori, aldi berean, balkoi gisa erabili ahal izango da Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunetan; espazio horretan, jatorrizko adreiluz egindako sei arku ikusgarri daude.
- Hirugarren solairua (292 metro koadro) da kulturguneko leku argitsuena, eta beste lan eremu bat izango da. Bertan, kristalarekin estalitako bilera aretoak, lantegi bat eta instalazio gela bat topatuko ditugu.