Gasteiz Antzokiaren "atzerapen etengabea" salatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2023ko urr. 4a, 18:00

Maider Uriarte zinegotziaren adierazpenak, Gasteizko Antzokiaren aurrean. Argazkia: EH Bildu

Abuztuaren 4tik Gasteiz Antzokiak jarduera lizentzia duela jakitera eman du EH Bilduk. Lazarraga Kultur Elkartea bertan lanean egon liteke eta kontzertuak egin litezke: "Ez du inolako garrantzirik eduki gobernuaren agendan".

Izaskun Arrue Kulturgunearen irekieraren atzerapenak zeresana ematen jarraitzen du. Irailaren 19an, Euskara Batzordean, Maria Nanclares Euskara zinegotziak baieztatu zuen ez dagoela oraindik irekiera data zehatzik, ekipamenduak instalatzeko eta taberna martxan jartzeko atzerapenak direla eta. Iragarpen horren aurrean, Lazarraga Kultur Elkarteak urtea amaitu baino lehen irekitzea eskatu zion udal gobernuari.

Astearte honetan, EH Bilduko zinegotzi Maider Uriartek Gasteiz Antzokiaren proiektuak jasan dituen "etengabeko atzerapenak" salatu ditu Euskara Batzordearen bileran.

"2022ko urrian, Urtaran alkateak eta gobernuko hainbat kidek bisita bat antolatu zuten Gasteiz Antzokira obren amaiera iragartzeko. PSE-EAJren gobernuak herritarrei azaldu beharko die zergatik ez duen aurrerapausorik eman urte oso batean. Zergatik utzi duen alde batera herritarrok babestu dugun eta desio dugun proiektu bat. Norbaitek hartu beharko du bere gain desastre honen ardura", adierazi du zinegotziak.

Gainera, horrekin batera, Uriartek egoeraren inguruko zenbait xehetasun atera ditu argitara. Adibidez, abuztuaren 4tik Gasteiz Antzokiak jarduera lizentzia duela; hau da, ordutik, besteak beste, Lazarraga Kultur Elkarteko langileak bertan egon ahal dira lanean, eta kontzertuak eskaintzea posible da, koadro elektriko bat lekuz aldatuta.

"Euskalgintzari lotutako programazio barik"

"Jarduera lizentziarekin langileak bertan lanean egon ahal badira, zergatik ez daude bertan jada? Segurtasun arazoak baldin badaude, zergatik eman zen jarduera lizentzia abuztuaren 4an?", galdetu dio Uriartek udal gobernuari. "Zergatik ez da ezer egin segurtasun arazoak konpontzeko eta jarduera lizentzia hori gauzatzeko, hau da, jendea lan egiten hasteko?".

"Lazarraga elkarteak udazkeneko programazioa prest dauka, zergatik ez diezue alternatiba bat eskaini?", gaineratu du. "Zergatik aukeratu duzue gasteiztarrak euskalgintzari lotutako programazio barik uztea? Ez zaio eman lehentasuna. Ez du inolako garrantzirik eduki gobernuaren agendan, eta ez dira etxerako lanak egin".

EH Bilduko zinegotziak aldarrikatu du Gasteiz Antzokiaren proiektua hiriko "euskalgintza elikatzeko eta bultzada emateko proiektu bikaina" dela. Uriartek gogora ekarri du EH Bilduren programan Gasteiz Antzokia euskararen arloan lehentasuna merezi duten gaien artean kokatu zutela, eta, zerrenda bozkatuena izan zen heinean, "Gasteizko herritarren gehiengoak" horrekin bat egin zuela azpimarratu du.

"Gobernuaren esku dago falta diren txostenak aurrera ateratzea. Borondate kontua da, orain arte izan ez duzuena. Zuek zarete gobernua, zuen ardura da egin beharreko guztia egitea jasan dugun atzerapenarekin amaitzeko eta Gasteizko Antzokia irekitzeko erraztasunak jartzeko", exijitu du EH Bilduk. "Gure taldeak une oro lankidetzan aritzeko prestutasuna erakutsi du, atzerapena ez luzatzeko gure esku dagoen guztia egiteko prest gaudela adierazi dugu beti. Ez duzue laguntza hori baliatu. Ez duzuelako ezer egin. Nahikoa da. Jakin nahi dugu zehazki zer falta den egiteko eta noiz egingo den falta den gauza bakoitza".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago