Hilabeteetako atzerapena dakar Gasteiz Antzokiak, eta oraindik ez da irekiera data argirik. Lazarraga kultur elkarteak urte amaiera aurretik martxan jarri ahal izateko "egin beharreko izapide guztiak azkar ditzala" eskatu dio udal gobernu berriari, eta atzerapenak proiektuari "kalte handia" egiten diola azpimarratu. Kezka eta ezinegona adierazi diote ALEAri Lukas Etxeberria Lazarraga kultur elkarteko presidenteak eta Iñaki Lazkano Izaskun Arrue kulturguneko programazio arduradunak.
Zenbat aldiz entzun behar izan duzue azkenaldian "noiz irekiko duzue Gasteiz Antzokia"?
Iñaki Lazkano: Sarri. Jendeak gainera galdetzen digu noiz zabalduko "duzue", badakitelako proiektu honen atzetik beti egon direla Lazarraga kultur elkartea eta Gasteizko euskalgintzako beste taldeak, eta badakite ez dela bakarrik Gasteizko Udalaren proiektu bat, atzetik beti egon dela bultzada herrikoi bat hau lortzeko.
Lukas Etxeberria: Normala da, hainbatean agertu da komunikabideetan "irekiko da" edo "orain bai", eta berriro ere beste atzerapen bat...
I.L.: Jendeak gainera ez daki zergatik dagoen itxita. Duela urtebete amaitu zen obra, Gasteizko Udalak komunikabideak deitu zintuzten urrian, eraikina erakutsi zuten, alkatea eta zinegotziak izan ziren, eta udaberrian irekiko zela iragarri zuten. Hori zen asmoa gure partetik, baina ez da lortu.
Orain badakigu noizko izango den prest?
I.L.: Gu beti oso optimistak gara, eta itxaropena daukagu urtea amaitu aurretik irekiko dela; hori eskatu diogu udal gobermu berriari, eta espero dezagun hala izatea.
L.E.: Espero dezagun, eta, hala ere, oso berandu da. Gure aurreikuspenetan ere ez zegoen hain berandu irekitzea. Oraingoan bai, nahitaez izan behar dela pentsatzen dugu, baina...
I.L.: Eraikina prest dagoenean irekiko da, eta hori ez dago gure esku, Gasteizko Udalaren esku baizik. Etxeko lan pilo bat zeuzkaten egiteko eta erdiak baino ez dituzte egin. Garaia da esateko eginahal guztiak egin behar direla zabaldu ahal izateko.
Prentsa oharra plazaratu zenuten joan den ostiralean. Gainezka egin duzue?
L.E.: Aurretik tentuz ibili izan gara, eta barrutik mugitzen saiatu izan gara, eta ez kezkarik ez genuelako. Baina oraingoan zerbait atera behar genuela pentsatu genuen. Uste dut zor diogula gure iritzia gasteiztarrei, euskaltzaleei eta bazkideei. Galdezka ari dira, eta haiek dira lehen interesdunak honekin aurrera joateko eta behin betiko bukatuta ikusteko. Azalpen bat zor genien.
I.L.: Guk aldea nabaritu dugu aurreko udal gobernutik oraingo gobernura, eta uztailean, hauteskundeen ostean, berehala eskatu genien bilera; bi bilera izan genituen. Ikusi zuten eraikinaren egoera, lizentzien egoera, eta larritu egin ziren. Esan ziguten egoera pentsatzen zutena baino okerragoa zela, denbora beharko zutela hau dena prestatzeko. Ados, baina guk gogoratu genien udazkenean zabaldu ahal izatea lortu behar genuela, hori da udalak gurekin adostu zuena; apirilean hitzarmena sinatu genuen, eta han jasotzen zen udazkenean programazio bat egongo zela. Eta hori ez da posible izan ez dagoelako prest eraikina.
"Euskararen Eguna data sinbolikoa da, eta polita litzateke. Udalak erronkatzat hartu beharko luke"
Iñaki Lazkano
Aurreko udal gobernuari egotzi diozue ardura, "planifikazio faltari". Ez da lehentasuna izan?
I.L.: Ez dakigu lehentasun kontua den, ardura falta edo ezintasuna. Bakoitzak bere interpretazioa egin beharko du. Baina Ruiz de Bergara jauregiaren obraren esleipena aurreko legegintzaldian egin zen, ez azken honetan, eta orduan Gorka Urtaran alkateak esan zuen hurrengo legegintzaldiko lehentasuna izango zela martxan jartzea. Guk proposatuta, bitariko batzorde bat osatu zen, kronograma bat eta planifikazio bat egin zen; gero, han eta hemen, arazoak hasi ziren, obra kontuetan, lizentziak... Gure proposamena izan zen Udalarekin hitzarmena sinatzea; zortzi urte generamatzan Oihanederren lanean, eta uste genuen nahikoa berme zela gure lanaren erakusle, eta azkenean hori ere arazo bihurtu zen; udalak lehiaketa prestatu zuen, guk hori prestatu behar izan genuen, proiektu bat osatu... Nire ustez planifikazio falta eta lidergo falta egon zen, eta horrek ekarri du legegintzaldi oso bat pasatu zela eta denok buruan geneukana ez dela gertatu.
L.E.: Ez gaude erruduna seinalatzeko moduan, ez da gure eginkizuna. Berez, borondatea ikusi izan diogu udalari, baina agian ez da lehentasunen artean egon, auskalo.
Bidea bera korapilotsua izan da. Gasteiz Antzokiaren kokapena, izena, kudeaketa eredua... Alde bakarreko erabakiak izan dira?
I.L.: Kasu batzuetan bai. Kokapenari dagokionez, desberdinak baloratu ziren dakizuenez, eta azken aurrekoa proiektua Eskoriatza Eskibel jauregian egitea izan zen; hainbat arazo medio, ez genuen egokitzat jo lekua, eta momentu hartan beste proposamen bat egin zigun udalak: Ruiz de Bergara. Lazarraga eta euskalgintzako beste talde batzuen artean aztertu genuen halako proiektu bat sartu ahal zen jauregi horretan, aurrekoaren aldean txikiagoa zelako. Azterketa sakon bat egin zen, arkitektura bulego batekin, ikusteko gure programa egokitu ahal zen leku horretara, eta baietz ikusi genuen, bere gabeziekin; adibidez, gabezia da txikiagoa dela, eta bertutea kokapena ona dela, Andra Mari Zuriaren plazatik oso gertu. Izenaren eztabaida, bestetik, publikoa da, guk beste bat proposatu genuen; eta hor Udalak esan zuen Izaskun Arrue kulturgunea deituko zela. Ez zitzaigun erabat egokia iruditu, baina bere eskumena zen bere jabetzako eraikinari izena ipintzea. Elkartean ere eztabaida handia izan zen honen kontura, baina erabaki zen izena baino inportanteagoa zela proiektua aurrera ateratzea. Uste genuen berme sendoak zeudela proiektua aurrera ateratzeko, eta horregatik egin genuen apustu hori. Aurreko udal gobernuari aitortu behar diogu hitzarmen bat bideratuta utzi zuela hurrengo lau urteetarako.
L.E.: Oraingo proiektuaren ezaugarri nagusiak, adibidez, nolakoa izan behar den, zer eduki behar duen, zer baliabide izan behar dituen, hori guztia elkarteak zehaztuta eman dio udalari, eta hori guztia jaso du. Beste gauza bat da epeak, izapideak eta hainbat tramite ez dituela bere garaian egin.
Une honetan, zer falta da?
I.L.: Obrako kontu batzuk oraindik konpontzeke daude. Baina hornitzea da inportanteena. Hiru lehiaketa egin behar ziren; bata taberna hornitzeko, eta hori dagoeneko honrituta dago altzariz; bestea eraikin osoko altzariak eta bestelako osagaiak, eta hori ere egin zen eta esleitu zen; eta hirugarrena ekipo teknikoa eta ikus-entzunezko ekipoz hornitzea, eta hori ez da egin. Kulturgune batek ezinbestekoa duena falta zaio. Barrura sartzen denak erdi hutsik dagoen eraikina baino ez du ikusiko orain. Gainera, ostalaritza zerbitzua lehiaketara atera behar da, eta oraindik izapide batzuk falta dira.
Urte amaierarako irekitzea eskatu duzue. Errealista da data hori?
I.L.: Horniketarena uste dut beste modu batera konpondu beharko dugula, normalean horrelako lehiaketek hiru edo lau hilabeteko iraunaldia izaten dutelako. Tarteko erdibide bat hartu beharko da, materialak alokatu, gauza batzuk erosi edo...
L.E.: Elkartearen partetik alternatibak eskaini dira.
"Borondatea ikusi izan diogu udalari, baina agian ez da lehentasunen artean egon"
Lukas Etxeberria
Bien bitartean, gauzak antolatzen ibili zarete...
I.L.: Hiruzpalau programazio ezberdin egin ditugu. Urte osoa daramagu lanean, eta ez bakarrik programazioarekin, kudeaketa eta komunikazioan ere lan pila bat egin da; adibidez, webgune bat prest dago, komunikazio plan bat prest dago... Eta hori aurrera eramateko argi berdea bakarrik falta zaigu. Berez, irailaren bukaeran ginen hastekoak, hainbat talderekin hitz egin genuen, oso aukera politak sortu zitzaizkigun, baina ezin; Bulego taldea ekartzeko aukera izan genuen irailean, esaterako, eta azkenik ezin izan dugu ekarri, eta halako beste hainbat. Batzuk ezin dira atzeratu. Egia esan, musika taldeak, sortzaileak, eragileak eta kultura munduko profesionalak oso ondo ari dira portatzen gurekin, bizpahiru aldiz aldatu dizkiegulako datak, eta oraindik ere konfiantza dute gugan.
Kulturgintzarentzat ere bada urtebeteko etenaldia...
I.L.: Urtebete pasatxo Gasteizen Oihanederrek eskaintzen zuena ez dela eskaintzen. Beste leku batzuetan eskaintzen da, eta hori beti oso ondo dago, kultur etxeetan euskarazko jarduerak daude eta musika arloan eskaintza ona dago, baina Oihanederrek eskaintzen zuena ez zen hori bakarrik; talde euskaltzaleentzako erreferentzia gunea zen, eta sorkuntzara deitutako deialdiak, esaterako, bertan behera geratu dira, edo beste hainbat talderekin egindako elkarlana, hori ere eten egin da. Zazpi urtean lortu genuen erreferentziazko kulturgune euskaltzale bat edukitzea Gasteizen, eta eten bat egon da. Hori udalak larritzat jo beharko luke, eta nahikoa izan beharko litzateke hori Izaskun Arrue lehenbailehen martxan jartzeko.
L.E.: Eten honi zerbait positiboa bilatu aldera, ikusten dugu orain nolakoa zen euskarazko eskaintzaren egoera Oihanederren aurretik.
I.L.: Oihanederren lortu zen denbora gutxian proiektu kultural bat zerotik hastea, eta horren inguruan jende asko biltzea, kontaezinak dira hainbat jenderekin antolatu genituen gauzak. Eta oso inportantea izan zen ere Euskal Herritik jasotzen genituen mezuak; behingoagatik bazekiten Gasteizen nori deitu edozer antolatzeko, zientoka taldek deitzen ziguten Oihanederren jotzeko, eta guk, programazioa beteta, batean edo bestean jotzeko proposatzen genien. Urtero, 10.000 lagun pasatzen ziren Oihanederretik. Oso pozik gaude egindako lanarekin eta emaitzekin.
L.E.: Kuriosoa da, hasierako urte guzti haietan nolabait ametsak ziren, eta halako batean gauzatu egin ziren, erreferentzialtasuna lortu zen oso lan handia eginda. Eta gero gune berria, eraikuntza eraiki eta atzerapen hau... Kuriosoa da nola gauzarik konplexuenak egin ondoren atzerapen honekin gabiltzan.
I.L.: Apustu handia izan zen gure proiektua Ruiz de Bergara jauregira egokitzearena, baina uste dugu merezi zuela; lasai asko geratu ahal ginen Oihanederren, baina Gasteizek merezi zuen kulturgune duin bat, kulturaren atal guztiak landuko zituena, eta uste genuen beste proiektu batek emango ligukeela dimentsio hori.
Euskararen egunerako, abenduak 3, prest izango da?
L.E.: Erabat prest ziur ezetz, baina asmoa gradualki egitea da, eta zerbait egiteko moduan egongo dela uste dugu. Baina hipotesiak...
I.L.: Data sinbolikoa da, eta polita litzateke. Udalak erronkatzat hartu beharko luke ordurako, edo lehenago, irekitzea.