Gasteiz Antzokiaren ia 300.000 euro itzultzeko eskatu du PPk

Erredakzioa 2023ko aza. 14a, 13:30

Gorka Urtaran alkate ohia Gasteiz Antzokiaren aurkezpenean, 2022ko urrian. ALEA

"Zergatik ordaindu zituzten 292.950 euro apirilean aurten egin ez diren eta egingo ez diren jarduera batzuengatik?", galdetu du Iñaki Garcia Calvo PPko zinegotziak.

Joan den astean jakin zenez, Gasteiz Antzokiak sei hilabete gehiago beharko ditu ateak zabaltzeko. Izan ere, kontratazio eta instalazio epeek 2024ko maiatzera atzeratu dezakete Izaskun Arrue Kulturgunearen irekiera, 2022ko urrian Gorka Urtaran alkate ohiak 2023ko urte hasieran irekitzeko prest egongo zela ziurtatu zuen arren. Gainera, orain Maider Etxebarria sozialistak gidatutako udal gobernuak aurreikusi du 150.000 euro gehiago beharko dituela agertokia, argiztapena eta ikus-entzunezko sistemak martxan jartzeko.

"Kudeaketa negargarri hau PSOEren eta EAJren erantzukizuna da. ", azpimarratu du Iñaki Garcia Calvo PPko zinegotziak, astearte honetan, Gasteizko Udalaren Euskara Batzordearen bileran.

2023ko apirilaren 27an Lazarraga Kultur Elkarteari ordaindutako 292.950 euroak itzultzea exijitu dio PPko zinegotziak udal gobernuari, "oraindik amaitu gabe dagoen eta oraindik noiz irekiko den ez dakigun Gasteiz Antzokian egin ez diren jarduerengatik". Garcia Calvok azaldu duenez, "diruaren %100 eta ordainketa bakarrean" ordaindu zuen udalak, eta horren inguruko "azalpen publikoak" eskatu dizkio PSE eta EAJren gobernuari.

"Zergatik ordaindu zituzten apirilean 292.950 euro Gasteiz Antzokian aurten egin ez diren eta egingo ez diren jarduera batzuengatik? Eta ez dira egin oraindik amaitu gabe dagoelako eta noiz irekiko den ere ez dakitelako. Zergatik sinatu eta ordaindu zen hitzarmen hori dena egiteke zegoenean eta oraindik hainbat obra egin gabe zeudenean?", galdetu du Garcia Calvok. "Urte amaieran gaude eta oraindik ez dago zabalik; orain 2024ra arte goaz, apirilean osorik ordaindutako hitzarmen batekin eta egin gabeko obrekin".

Halaber, "gasteiztar guztien diru publikoaren erabileraren zorroztasun eta kontrol handiagoa" eskatu du zinegotziak, eta hitzarmenaren jarraipen batzordearen bilerarik izan den galdetu du. Jarraian, hitzarmenean agertzen ziren jarduera zehatzak zerrendatu ditu, hiru arlotan banatuta:

  • Kultur jarduerak:
    • Kontzertuak: 9
    • Antzerkiak: 3
    • Erakusketak: 1
    • Zineforumak: 20
    • Familia eta dantza jarduerak: 6
  • Formakuntza jarduerak:
    • Ikastaroak: 1
    • Langileentzako prestakuntza: 3
    • Egonaldi artistikoak
  • Euskara sustatzeko jarduerak:
    • Deialdiak: 3
    • Aurkezpenak: 4
    • Elkarrizketak: 2
    • Konferentziak
    • Topaketak

"Aurreikusita zeuden jarduera horiek guztiak ez dira egin, ekipamendua itxita dago, amaitu gabe, eta ez dakigu noiz irekiko den. Irekiera 2024ra arte atzeratuko da. Hitzarmen horrek 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra arteko ondorioak zituen", gogorarazi du Garcia Calvok.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago