Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaiei begirako garbiketa protokoloa aurkeztu du, eta iragarri du "ahalegin guztia" egingo duela beste urte batez hiria garbitu eta hondakinak biltzeko, "gasteiztarrek eta egun horietan hirira bisitan etortzen diren pertsonek jaiez giro garbi eta higienikoan gozatu ahal izateko".
Abuztuaren 4an, txupinazoarekin eta Zeledonen jaitsierarekin batera, Andre Maria Zuriaren plazara beira sartzea debekatzeaz gain, garbiketa intentsiboa egingo dute. Horretarako, Herritarren Segurtasun Saileko talde gehigarri bat jarriko dute, eta kontzientziazio kanpaina bat zabaldu.
Cesar Fernandez de Landa Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak eta Joseba Sanchez Zerbitzuko nagusiak jaien aurretik zein ostean hiriaren garbiketarako hartuko diren neurri berezien berri eman dute, gaur goizean eskainitako prentsaurreko batean.
Sentsibilizazio kanpaina
Lehenik eta behin, aurretiazko sentsibilizazio kanpaina bat zabalduko dute, jaietan "gizalegez" jokatzea, gutxiago zikintzen ahalegintzea eta erabilera bakarreko plastiko gutxiago kontsumitzea aldarrikatzeko. Informatzaileen kuadrilla bat Gasteizko kaleetan izango da horretarako; Molinuevo eta Juan Aiala Plazako parkeetan egon da asteotan, baita Prado parkean ere.
Ildo horretan, Udalak eta Vital Fundazioak 100.000 edalontzi berrerabilgarri banatuko dituzte Santiago eta Andre Maria Zuriaren jaietan.
Aurretiazko garbiketa
Bestalde, garbiketa eta hondakinen bilketa programa indartuko du Udalak. Garbiketa intentsibo bereziak uztailaren 18an, astelehenean, hasi ziren, eta jaiak hasi arte mantenduko dira. Besteak beste, kartelak kendu, pintadak ezabatu eta zolak ondo garbituko dituzte.
Gainera, pixa uxatzeko CK Splash Back produktu gasteiztarra botatzen ari dira zenbait puntutan: besteak beste, Arkupean, Aihotz Plazan, kantoietan, Ramiro Maeztuko arkupeetan edo Foru plazan. Likido gardena da, ez du kalterik eragiten, eta likidoak gainazalean sartzea ekiditen du, errazago garbitu eta likidoa kanporantz ateratzeko.
Garbiketa berezia txupinazoan
Txupinazoari dagokionez, Egibideko ingurumeneko begiraleek kontzientziazio talde handi bat osatuko dute, materialen erabilera arduratsuaz kontzientziatzeko, edalontzi berrerabilgarriak sustatzeko, eta latak edo beira ekitaldi horretan debekatuta daudela gogorarazteko.
Aurten, ontzientzako edukiontzi gehiago jarriko dira Andre Maria Zuriaren plazan eta txupinazorako sarbide guztietan.
Txupinazoa amaitu bezain pronto, Udalaren Segizioa igaro aurretik, 70 langile izango dira garbitzen, eta makina gehiago jarriko dituzte: orgak, Bobcat (hondeatzaile txikia) makina bat, jasotzeko zazpi makina, ura botatzeko sei makina eta jasotzeko hiru kamioi. Lurretik zein edukiontzietatik jasotako plastiko guztia birziklatzeko gai izan ziren 2019an, eta aurten ere erronkari eutsiko dio Udalak.
Goizero, garbiketa sakona
Jaiak amaitu arte, abuztuaren 5etik 10era bitartean, ohiko garbiketa egingo dute egunero, eta Egunsentiko Arrosarioaren aurreko orduetan indartu egingo da, goizeko 04.00etan hasita. Halaber, azoka arabiarrean, kontzertuetan, azoka eremuan, blusa eta nesken kalejiren ostean eta txosnaguneetan ere garbiketa areagotuko da.
Gainera, EHUren Campuseko txosnagunean eta ferialekuan, lehen aldiz biohondakinak, beira, papera eta kartoia gaika bilduko dira, eta ontzi irla osoak ipiniko dira horretarako.
Urarekin garbiketa
Azkenik, urarekin garbiketa malguagoa egiteko, bizilagunentzat zarata gutxiago egiteko, zoladura zaintzeko eta uraren kontsumoa murrizteko, zerbitzu hori eskuz egingo da Erdi Aroko erdigunearen hainbat tokitan, hainbat ureztatze-ahotatik. Eremu horietara ibilgailu txikiekin sartu ahal izango dira. Gainera, garbiketa lanetarako hidro-garbitzailea duten ibilgailu laguntzaile berriak erabiliko dituzte, baita propultsio elektrikoa duten ibilgailuak eta makinak ere, hala nola garbitzaileak, urarekin garbitzekoak eta haize-makinak.