Hilabete baino gutxiago falta da Gasteizko jaietarako, eta are gutxiago (hamaika egun eskas) Santiago bezpera eta Santiago Eguneko ospakizunetarako. Vital Fundazioak eta Udalak erabilera bakarreko plastikozko ontzien kontsumoa baztertzeko eta edalontzi berrerabilgarriaren aldeko apustua egiteko gonbidapena egin dute, Plastikorik ez kanpainaren bitartez, 2019ko jaietan hasitako bideari jarraituz.
Hiritarrei erabilera bakarreko plastikozko edalontziak beste eredu jasangarriago batekin ordezkatzeko aukera eskainiko zaie. Horretarako 100.000 edalontzi berrerabilgarri jarriko dituzte zirkulazioan, uztailaren 24ko Santiago bezperako gauean, hilaren 25eko Santiago edo Blusen eta Nesken Egunean, eta Andre Maria Zuriaren jaietan erabiltzeko, abuztuaren 4tik 9ra.
Lehen edariarekin batera euro bateko gordailua ordaindu beharko da kanpainarekin bat egin duen edozein ostalaritza establezimendutan. Kontsumitzaileek aukera izango dute edalontzi zikina garbi dagoen betengatik aldatzeko, baita edalontzia itzuli eta gordailu gisa jarritako euroa berreskuratzeko ere.
Ekimenaren helburua plastikozko hondakin gutxien sortzea da, bereziki txupinazoan, hondakin gehien sortzen duen ekitaldia baita.
Nola batu kanpainara?
Kanpainaren bat egin nahi duten ostalaritza establezimenduek bi aukera dituzte informazioa jasotzeko eta atxikitzeko: 629 186 077 arretarako telefonoa edo email bidez actividades@fundacionvital.eus helbide elektronikoan.
Horrez gain, www.medioambiente.fundacionvital.eus webguneko Zero Plastikoa atalean kanpainari buruzko informazio guztia egongo da. Laster, besteak beste, edalontzia eskuratzeko puntuak ikusi ahal izateko mapa interaktibo bat aktibatuko dute.