Bost emakume erreferentek jaurtiko dute txupinazoa Gasteizko jaietan

Erredakzioa 2022ko uzt. 14a, 13:30

Txupinazoa jaurtiko duten emakumeak, Maider Etxebarria alkateordearekin. / ALEA

Abuztuaren 4an, 18:00etan, Elena Loyo eta Ruth Brito kirolariek, Maria Jose Saez de Kortazar ostalariak, Jaione Prado merkatariak eta Arantza Navarro ikerlariak emango diote hasiera Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiei.

2022ko Gasteizko jaiak gerturatzen diren bitartean, pixkanaka aurtengo ospakizunen inguruko xehetasun gehiago ezagutzen goaz. Nork jaurtiko du pandemiaren osteko lehen txupinazoa, hiru urteren ostean? Gaur goizean, misterioa argitu du Maider Etxeberria alkateorde eta aurtengo txupineroa hautatzeko txanda zuen udal talde sozialistaren bozeramaileak: "Bost emakume ausart, konprometitu, borrokalari eta beren lanbideetan erreferenteak arduratuko dira Andre Mari Zuriaren jaietako txupinazoa botatzeaz".

Abuztuaren 4an, ostegunean, 18:00etan, Elena Loyo eta Ruth Brito kirolariak, Maria Jose Saez de Kortazar ostalaria, Jaione Prado merkataria eta Arantza Navarro ikerlaria izango dira San Migeleko balkoian, txupinazoa jaurtiz Zeledonekin batera Gasteizko jaiei hasiera emateko.

"Gure desioa da kristalezko sabaiak hausteko eta desberdintasunik gabeko mundu baten alde lan egiteko goizero jaikitzen diren gure hiriko emakume guztiak emakume horiengan ordezkatuta sentitzea. Halaxe egiten dute emakume horiek egunero lehiatzen, taberna bateko barraren atzean arreta ematen, moda saltzen edo ikertzen. Heroiak dira beren munduan eta bidezkoagoa den gizartean bizitzeko beren ekarpena egiten dute", nabarmendu du Etxeberriak, bost emakumeen lana nabarmenduz eta gonbidapena onartu izanagatik eskerrak emanez.

Bost emakume, bost erreferente

Kirola, ostalaritza, merkataritza eta ikerkuntzan erreferente dira aurtengo txupineroak, baina nortzuk dira bost emakume hauek?

  • Elena Loyo, atleta: 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetako maratoian Espainiako estatuko atleten artean sailkapen onena lortu zuen, eta Maratoi Erdian Espainiako txapelduna izan da 2019 eta 2020an, beste lorpen askoren artean.
  • Ruth Brito, trialeta profesionala: Entrenatzailea eta enpresaburua. Triatloi herrikoia bultzatzen du, eta emakumeei kirol horretan hasteko laguntza eskaintzen die. Estatu mailan eta nazioartean sari ugari eskuratu du.
  • Maria Jose Saez de Kortazar, ostalaria: Laster 23 urte beteko ditu Xixilu jatetxeko barraren atzean, eta, gainera, 16 urte dira jatetxeko jabea dela. Emakume enpresaburua da, ostalaritzaren sektorean erreferentea, eta otsailean omenaldia jaso zuen.
  • Jaione Prado, merkataria: Duela 8 urte, Exclusivos Moda bere negozioa sortu zuen. Ama eta ekintzailea, azken urtean pasio bat, pintura, bere bigarren lanbide bihurtzea lortu du.
  • Arantza Navarro, Tecnaliako ikerlaria: Garapen Farmazeutikoko Laborategiko zuzendari teknikoa eta Basque Pharmalabs 4.0 laborategietako garapen galenikoko eta analitikoko burua da. Bere ikerketa lanaren baitan, botika berrien ikerketa ugaritan hartu du parte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago