Jon Hernandez izango da Sumar koalizioaren Arabako zerrendaburua

Erredakzioa 2024ko mar. 12a, 08:30
Jon Hernandez, Sumar koalizioaren ekitaldian. Argazkia: @TxoniGorri

Sumar koalizioak Jon Hernandez PCE-EPK alderdiaren idazkari nagusi, Ezker Anitza - IU koalizioko kide eta legebiltzarkide ohia aukeratu du Arabako zerrendaburua izateko.

Apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta pixkanaka argitzen joan dira alderdi nagusien apustuak. Dagoeneko beren zerrendaburuak aurkeztu dituzte EAJk, EH Bilduk, PSEk, PPk, Elkarrekin Podemosek eta Sumar koalizioak. Horietako batzuk zerrendak osatzen ari dira oraindik, baina gutxienez mahai gainean daude hautagai nagusiak.

Podemosekin batera ez aurkezteko erabakiaren ostean, bere Arabako zerrendaburua aurkezten azkena izan da Sumar koalizioa. Jon Hernandez Hidalgo (Irun, 1978) gipuzkoarra izango da Yolanda Diaz buru duen alderdiaren hautagai nagusia Araban. Sumar Mugimenduaren EAEko hirukotea osatuko du Hernandezek, Alba Garcia (Bizkaia) eta Andeka Larrearekin (Gipuzkoa) batera.

2013tik Euskadiko Partidu Komunistaren (PCE-EPK) idazkari nagusia da EAEn. Horrez gain, Ezker Anitza - IU koalizioko kidea, Espainiako III. Errepublikaren aldeko militantea eta CCOO sindikatuko afiliatua da ere. 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Gipuzkoako diputatu hautatu zuten, eta Elkarrekin Podemos koalizioaren barruan aritu zen 2020ra arte. Deustuko Unibertsitate pribatuan ikasi zuen, eta 2001etik Historian lizentziatua da.

Zeintzuk dira Arabako zerrendaburu nagusiak?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide