Nortzuk dira EH Bilduren hautagaiak Araban?

Erredakzioa 2024ko ots. 19a, 12:00
Pello Otxandiano, Kubik aretoan atzo egindako ekitaldian. Argazkia: @PelloOtxandiano

Pello Otxandianorekin batera, besteak beste, Eba Blanco, Mikel Otero, Itxaso Etxebarria, Gorka Ortiz de Guinea, Lamia Arcas, Ibon San Saturnino, Amancay Villalba eta Xabi Goikuria joango dira EH Bilduren Arabako zerrendan.

Otsailaren hasieran, EH Bilduk iragarri zuen Pello Otxandiano izango zela Arabako zerrendaburua, koalizio subiranistaren lehendakarigaia izateaz gain. Orduz geroztik, Arabako zerrenda osatzeko barne prozesuan murgilduta izan da EH Bildu: otsailaren 6ra bitartean, oinarriek zerrendak osatzeko izenak proposatu zituzten, eta otsailaren 15ean, 16an eta 17an behin betiko zerrenda berresteko bozketa burutu dute.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen data zehaztu gabe dago oraindik, baina Araban alderdi nagusiek beren zerrendak ezagutarazi dituzte jada: Joseba Diez Antxustegi izango da EAJren hautagai nagusia gure lurraldean, Nerea Melgosa, Ander Añibarro, Beatriz Artolazabal eta beste 26 lagunez osatutako zerrenda batean; PSE-EEren kasuan, berriz, Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Saileko egungo zuzendari Aiora Jiletek irekiko du Arabako zerrenda, Javier Hurtado, Maria Jesus San Jose, Albertso Alonso eta Estibaliz Canto bezalako izenez inguratuta.

EH Bilduri dagokionez, bilkideek Arabako mahai politikoak proposatutako zerrenda berretsi egin dute. 2020ko hauteskundeetan, EH Bilduk sei legebiltzarkide lortu zituen Araban, eta honako hauek izango dira oraingoan gure lurraldeko legebiltzarkidegai subiranistak:

  • 1. Pello Otxandiano Kanpo (Otxandio, 41 urte): Telekomunikazio ingeniaritzan doktorea eta lehendakarigaia.
  • 2. Eba Blanco Angulo (Amurrio, 50 urte): Lanbidez itzultzailea zinema eta telebista bikoizketaren esparruan. Kazetaria ikasketaz. 2012tik EH Bilduko legebiltzarkidea, gizarte politika eta osasun gaien bozeramaile kidea. 2016az geroztik EH Bilduko legebiltzarkidea eta Legebiltzarreko mahaikidea.
  • 3. Mikel Otero Gabirondo (Gasteiz, 51 urte): Filosofia eta Historia ikasketak burutu ditu. Suhiltzailea lanbidez. Arabako EH Bilduko legebiltzarkidea 2016. urtetik. EH Bilduko trantsizio ekologikorako idazkaria. Mugimendu ekologistan aritua, bereziki Frackingaren aurkako mugimenduan.
  • 4. Itxaso Etxebarria Astondoa (Zigoitia, 51 urte): Lanbidez udal langilea Gasteizko Udalean. Publizitatean Lizenziatua. 2019tik 2023ra, EH Bilduren zinegotzi eta bozeramailea Zigoitiko Udalean. 2020az geroztik EH Bilduko legebiltzarkidea, taldean lehen sektore, landa garapena, jasangarritasuna eta kontsumoaren inguruko gaiak landu ditu.
  • 5. Gorka Ortiz de Guinea Vea-Murguia (Gasteiz, 49 urte): Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan Lizentziatua eta Aholkularitza Finantzarioan unibertsitate aditua. 20 urteko lan esperientzia finantza eremuan. Intsumisoa 90. hamarkadan. Arabako Batzar Nagusietan EH Bilduren bozeramailea 2011-2015 legegintzaldian.
  • 6. Lamia Arcas Nogales (Areta- Laudio, 40 urte): Lanbidez udal idazkaria eta AOT juridikoa, zuzenbidean graduatua. 2019-2023 legealdian, Laudioko udal talde politikoaren bozeramailea. Antolakuntza publikoa, zerbitzu orokorren, hiri garapena, ekonomia eta zerga kudeaketa zerbitzuen batzordekidea. Kantaur Urkidetza, Aiarako Eskualde eta Udalbiltzako batzordekidea. Turismo jasangarria eta tokiko ekonomian oinarritutako politikak bultzatzen ditu. 2018an GED Berme Batzordearen buru.
  • 7. Ibon San Saturnino Murua (Gasteiz, 48 urte): Arkitektoa. Eskubide Sozialen eta Aniztasunaren aldeko herri mugimenduetan ibilitakoa. 2017tik aurrera, EH Bilduren Arabako arduradun politikoa.
  • 8. Amancay Amets Villalba Egiluz (Gasteiz, 46 urte): Biologian eta Ingurumen Zientzietan lizentziatua. Ingurumen hezkuntzan eta iraunkortasunean espezialista. Uraren Kudeaketa Iraunkorreko Masterra. Ingurumen hezitzaile eta partaidetza eta jasangarritasun teknikari gisa lan egin du hainbat erakundetan. Gasteizko Udalean EH Bilduko zinegotzia 2019tik, non Amvisako eta IGI-CEAko sailburu ere izan den. Bi seme-alabaren ama.
  • 9. Xabier Goikuria Oiarbide (Agurain, 43 urte): Ingurugiro kimikako goi teknikaria formazioz, eta Arabako EH Bilduko politika instituzionaleko arduraduna gaur egun. Aguraingo elkarte ezberdinetako kide eta askotariko arlotako ekimen herrikoi askotan aritua.
  • 10. Claudia Venceslao Pueyo (Gasteiz, 44 urte): Gizarte Lanean diplomaduna EHUn 2005ean. 2006an hasi zen lanean Hiesaren aurkako Herritarren Batzordean, gaur egun arte, gizarte bazterkeriaren eta espetxearen arloetan. Modu aktiboan parte hartzen du bere seme-alaben Ikastolako Gurasoen Elkartean eta Eskola Kontseiluan. Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataforman laguntzen du. Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko batzarkidea, Gizarte Politiken arloan.
  • 11. Xabi Ruiz de Larramendi Arana (Gasteiz, 30 urte): Energia berriztagarrietan ingeniaria eta masterra energia eraginkortasunean. Herri mugimenduko kidea eta zinegotzia Gasteizko Udalean.
  • 12. Elisabet Zubizarreta Arruabarrena (Dulantzi, 53 urte): Lanbidez irakaslea eta ikasketa burua San Viator ikastetxean. Magisteritzan Diplomatua Mondragon Unibertsitatean (LH eta Ingelesa) eta Andra Mari Unibertsitatean (HH). 2007tik 2015era eta 2023tik gaur egunera zinegotzia Dulantziko Udalean.
  • 13. Hugo Elena del Rio (Gasteiz, 42 urte): Ekonomista lanbidez, enpresa zientzietan lizentziatua. Derrigorrezko bigarren hezkuntzako eta batxilergoko lanbide heziketako eta hizkuntzen irakaskuntzako irakasleen prestakuntza unibertsitate masterra. Aholkularitza finantzarioan unibertsitate aditua masterra.
  • 14. Elena Aguayo Rico (Gasteiz, 35 urte): Nazioarteko Lankidetzan eta Generoan espezializatutako politika zientzialaria. Hamar urtetik gorako esperientzia Nazio Batuetan, batez ere proiektuen kudeaketan, eragin politikoan eta lan-sareen eta aliantzen sorreran. Laguntza humanitarioan eta errefuxiatuekin esperientzia ere izan du euskal lankidetzarekin. Ezagutza eta esperientzia handia du generoan, eskubideen ikuspegian eta 2030 Agendan. Euskara eta gazteleraz gain, ingelesa eta italiera ere menperatzen ditu maila profesionalean.
  • 15. Mikel Diaz de Alda Gomez de Segura (Kanpezu, 52 urte): Mercedesko langilea eta LABeko delegatua. Ezker abertzaleko militantea eta herri mugimenduan ibilitakoa, besteak beste Gasteizko txosna batzordean. Jare (Gasteiz) eta Ioar (Kanpezu) dantza taldeetako partaidea, musikari bezala.
  • 16. Naroa Hernandez Izaga (Gasteiz, 31 urte): Erizaina; azken urteetan ZIUn. Etxerat elkarteko kidea.
  • 17. Toni Barbado Lazaro (Amurrio, 64 urte): Metalaren industriako langilea, jubilatua eta sindikalista ohia. Pentsioduna.
  • 18. Julu El Outmani Balaass (Asparrena, 22 urte): Kazetaritza graduko ikaslea. Ezker abertzaleko militantea eta mugimendu feministako kidea.
  • 19. Isidro Ruiz de Oña Calvete (Villabuena, 55 urte): Mahastizaina, berezko uztako ardoaren elaboratzailea eta merkaturatzailea 19 urtez. Beirazko botilen buxaduren salmentan 18 urtez lanean. Eusko Alkartasunako koordinatzailea Arabako Errioxan. Kultura zinegotzia legegintzaldi batean Villabuenako Udalean. EH Bilduren Lapuebla de Labarcako mahai politikoko kidea.
  • 20. Ainara Unanue Carazo (Gasteiz, 43 urte): Erizaina lanbidez. Gasteizko Alde Zaharreko eta Salburuko osasun zentroetako pediatriako erizaina hainbat urtez. Santiago Ospitaleko Traumatologiako kirofanoan eta Txagorritxuko Kardiologiako proba funtzionaletan ere aritua. Pandemia hasi zenetik, IFBSko egoitzetan dihardu lanean, azken hiru urteetan Laudioko egoitzan. Bi seme-alaben ama. ESK sindikatuan afiliatua, eta pare bat urtez Osakidetzako ordezkari lanetan ere ibilitakoa.
  • 21. Unai Gutierrez Urkiza (Zuia. 44 urte): Ingurumen kimikako teknikaria, eta 21 urtez laborategiko teknikari lanetan. Lau urtez LABeko delegatu sindikala Pepsico enpresan. Duela 13 urte hasi zen EH Bildun. 2011tik Zuiako alkatea.
  • 22. Ainize Gastaka Martinez (Laudio, 38 urte): Abokatua lanbidez. Arlo zibil, penal eta administratiboan lanean aritutakoa. 2023az geroztik Laudioko alkatea.
  • 23. Jose Manuel Villanueva Gutierrez (Oion, 57 urte): 25 urte litografo lanak egiten. Bost urte sukaldaritzan aritua, jatetxe batean sukalde arduradun gisa. Hamabi urte Oiongo Udalean zinegotzi. Oiongo alkatea 2023tik.
  • 24. Eva Lopez de Arroyabe Saez de Maturana (Gasteiz. 50 urte): Zuzendaritzako idazkaritzan titulatua da. 2007 eta 2011 artean UAGA eta EHNEko zuzendaritzako kidea, eta EHNEren berdintasun sailaren zuzendaria. Beste bi kiderekin batera, UAGAko zuzendaritzan parte hartu zuten lehen emakumeak izan ziren. 2014 eta 2016 artean, Gure Soroa Arabako Emakume Nekazarien Elkartearen lehendakariordea izan zen. 2013 eta 2017 artean, Larreako Batzar Administratiboko lehendakaria, kargu hori bete zuen lehen emakumea izanik. 2016tik 2020ra Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea. 2015etik aurrera, Arabako Batzar Nagusietan batzarkide, eta 2023an Arabako diputatu nagusirako EH Bilduren hautagaia.
  • 25. Rocio Vitero Perez (Gasteiz, 43 urte): Gizarte Lanean graduatua. Bi master: Bazterkeria, Integrazioa eta Herritartasunean; eta Osasun Mental Komunitarioan. Gizarte politikak gainbegiratzen aditua. Adinekoen egoitzetan laguntzaile gisa lan egin du. Aterpe udal zentroko arduraduna izan da, eta Sidalava elkartea koordinatu eta kudeatu du. Gizarte eta boluntariotza mugimenduetan parte hartu du. 2019az geroztik, EH Bilduko zinegotzia da: Gizarte Politiketan duen arduraz gain, Ogasun, Sustapen Ekonomikoa eta Merkataritza arloetan buru izan da.
  • Ordezkoak
    • 1. Gotzon Villaño Murga (Gasteiz, 65 urte)
    • 2. Ainhoa Belakortu Ramos (Gasteiz, 28 urte)
    • 3. Unai Ruiz de Viñaspre Bezares (Gasteiz, 28 urte)
    • 4. Ainhoa Mayoz Ibañez (Lantaron, 50 urte)
    • 5. Oier Iñurrieta Garmendia (Gasteiz, 23 urte)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide