Azken orduetako zurrumurruak baieztatu dira. Astearte honetan, Carlos Iturgaizek jakitera eman zuen Euskadiko PPren presidente izateari utziko diola. Gaur hainbat hedabidek aurreratu dutenez —tartean, EITB, El Mundo eta Eldiario.es Euskadi—, ondorengotzak badu izen bat: Javier de Andres (Gasteiz, 1967), Arabako diputatu nagusi ohia (2011-2015) eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohia (2016-2018). 2023ko abuztuaren 17tik, De Andres PPren diputatua da Espainiako Kongresuan. Euskal PPren presidentetza eskuratuz gero, litekeena da 2024ko hauteskunde autonomikoetan PPren lehendakarigaia izatea.
EAEko PPk azaroaren 4an egingo du kongresua, Gasteizen, Iturgaizen lekukoa hartuko duen presidente berria izendatzeko. Iñaki Oiarzabal Arabako PPko presidentea izango da biltzar hori antolatzeko batzordeko burua.
Hala ere, El Mundok argitaratu duenez, PPko presidente Alberto Nuñez Feijook berak dagoeneko eskatu dio De Andresi bere burua hautagai bakar gisa aurkezteko, 2024an "EAJko moderatuen botoa bereganatzeko" eta 2011n eta 2015ean PPk Araban lortutako garaipena errepikatzeko asmoz; beraz, Genovaren babesarekin abiatuko litzateke bere hautagaitza. Gainera, Eldiario.es-en arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako buruzagi nagusiek akordioa erdietsi dute jada hautagaitza horren alde egiteko.
Javier de Andresek berak, hautagai izango den ala ez ofizialki argitu gabe, "hautagaitza bakarra aurkeztea, edozein izanda ere, guztiontzat ona" izango litzatekeela adierazi die hedabideei, Euskadiko PPren zuzendaritza batzordeak gaur Gasteizen egindako bileraren aurretik.
Bizkaiko ordezkaritza bermatze aldera, Eduardo Andrade Bizkaiko PPren egungo idazkari nagusi eta Getxoko PPren bozeramailea proposatuko dute Idazkaritza Nagusiaz arduratzeko.
🔵 Esta mañana, @carlositurgaiz ha presidido la Junta Directiva del @ppopular vasco junto a @Mtelladof en #Vitoria #Gasteiz
— PP Vasco (@PPVasco) October 4, 2023
📸 A continuación os mostramos algunas imágenes pic.twitter.com/VF3gCwkf4q