Pello Otxandiano EH Bilduren Arabako zerrendaburua izango da

Erredakzioa 2024ko ots. 1a, 18:30
Pello Otxandiano, Kubik aretoan atzo egindako ekitaldian. Argazkia: @PelloOtxandiano

EH Bilduren lehendakarigaia izateaz gain, Pello Otxandiano Arabako zerrendaburua izango da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, "herrialde honetan ere gertatzen ari den ziklo politikoaren aldaketari bultzada emateko" asmoz.

Ostegun honetan EH Bilduk jakitera eman duenez, Pello Otxandiano Kanpo (Otxandio, 1983), lehendakarigai izateaz gain, Arabako zerrendaburua ere izango da. Urtarrilaren 13an, oinarriek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan koalizio subiranistaren hautagai nagusia izateko aukeratu zuten.

Orain, berriz, EH Bilduren Hegoaldeko Mahai Politikoak proposatuta, Arabako zerrendaren lehen postuan joango dela berretsi du lurraldeko mahai politikoak. Horrela, EH Bilduren lehendakarigai bat Arabako ordezkaria izango da lehen aldiz.

Gaur egun 40 urte ditu, telekomunikazio ingeniaria da, eta doktoretza egin zuen Mondragon Unibertsitatean eta Göteborgeko Chalmers Unibertsitate Teknologikoan. Unibertsitate aurreko ikasketak, berriz, eskola publikoan egin zituen: lehenik Otxandioko herri eskolan, eta, ondoren, Juan Orobiogoitia institutuan (DBH) eta Iurreta LHIn (Batxilergoa).

2011tik 2015era bitartean, Bilduko zinegotzi izan zen bere udalerrian, Otxandioko Udalean. Halaber, Sorturen lehen urteetan zuzendaritzako kide ere izan zen. Azken urteetan, EH Bilduren zuzendaritzako kide eta programa zuzendaria izan da, eta hein handi batean ezker subiranistaren estrategia aldaketaren atzean izan da; besteak beste Hezkuntza Legearen negoziazioetan, enpresariekiko hurbilketan edota energia berriztagarrien aldeko proposamenetan. Askotan EH Bildu berriaren "ideologo" gisa aurkeztu izan dute.

"Ziklo aldaketari bultzada"

"Bultzada eman nahi diogu herrialde honetan ere gertatzen ari den ziklo politikoaren aldaketari, aurreko udal eta foru hauteskundeetan egiaztatu zen bezala", azaldu du EH Bilduk, zabaldutako oharrean. Izan ere, 2023ko maiatzean EH Bildu lehen indarra izan zen Gasteizen eta Araba osoan, eta foru hauteskundeak irabaztetik 1.200 botora gelditu zen.

Une honetan, Arabako zerrendarako hautagaiak aurkezteko epea zabalik du EH Bilduk. Otsailaren 6ra bitartean, oinarriek zerrendak osatzeko izenak proposatu ditzakete. Behin betiko zerrenda berresteko bozketa, berriz, otsailaren 15ean, 16an eta 17an izango da. Nolanahi ere, hauteskundeen data zehaztu gabe dago oraindik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide