Joseba Diez Arabako zerrendaburu izateko hautatu dute EAJren oinarriek

Erredakzioa 2024ko urt. 25a, 09:30
Joseba Diez Antxustegi, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EAJ

Gaur egun Batzar Nagusietako jeltzaleen bozeramailea da Joseba Diez Antxustegi. EBBren hasierako proposamenean agertzen ez bazen ere, Arabako oinarrien babes zabala lortu du hauteskunde autonomikoetan zerrendaburu izateko.

Oraindik ez dago datarik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako, baina piezak mugitzen ari dira. EAJren kasuan, ezustean iritsi da azken albistea, asteazken arratsaldean. Euzkadi Buru Batzarraren hasierako proposamenean agertzen ez bazen ere —Nerea Melgosa sailburua zirudien zerrendabururik probableena—, Arabako oinarriek Joseba Diez Antxustegi (Araia, 1992) hautatu dute lurraldeko zerrendaburu izateko. Babes zabala jaso du, gainera: 62 militantek parte hartu dute bozetan, eta Diezek aldeko 60 boto jaso ditu.

Erabakia ez da behin betikoa, eta barne prozesua gainditu beharko du, baina litekeena da laster hala izatea. Izan ere, oraingoz alderdi jeltzalearen tokiko batzarretan egindako proposamena da. EAJren Arabako Lurralde Batzarrak ostegun honetan plazaratuko du 30 pertsonako zerrenda, eta alderdiaren Batzar Nazionalak berretsi beharko du hori urtarrilaren 27an, larunbatean, Durangon (Bizkaia) egingo duen bileran.

Larunbatetik aurrera Diez Antxustegiren izendapena behin betikoa bada, Iñigo Urkullu ordeztuko luke Arabako hautagai nagusi gisa; izan ere, lehendakariak 2016an eta 2020an izan zen gure lurraldeko zerrendaburua. Eta Imanol Pradales lehendakarigaiarekin (Bizkaia) eta Bakartxo Tejeria egungo Legebiltzarreko presidentearekin (Gipuzkoa) osatuko luke zerrendaburuen hirukotea. Nolanahi ere, izendapen guztiak Batzar Nazionalak berretsi eta ofizial egin behar ditu oraindik.

Hautagai gaztea, ibilbide luzea

Joseba Diez Antxustegik 31 urte ditu, euskaldun elebiduna da, eta, neurri handi batean, Eusko Alderdi Jeltzalearen belaunaldi erreleboa ordezkatzen du. 18 urterekin batu zen alderdira, eta gaztea bada ere, ibilbide oparoa egin du EAJren barruan eta erakundeetan, etorkizun are oparoagoa marraztuz. Gainera, Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko (ABB) presidentearen konfiantzazko pertsona da.

Gaur egun batzarkidea eta jeltzaleen bozeramailea da Arabako Batzar Nagusietan, eta legebiltzarkide ere izan da 2019tik 2023ra bitartean.

Zuzenbidean graduatua (EHUn) eta abokatua, kirolean ere aritu izan da, besteak beste, atezain gisa Araiako Alipendi eta Deportivo Alaves B taldeetan, edota Alaveseko harrobiko gaztetxoen entrenatzaile gisa.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide