Ostiral honetan, berriz, PSE-EEren zerrendaburuen txanda iritsi da: Aroa Jilete, Eneko Andueza eta Denis Itxaso izango dira sozialisten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak, hurrenez hurren. Andueza lehendakarigaia eta PSEren idazkari nagusia da, eta Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria da EAEn; Arabako hautagai nagusiak, berriz, profil gazteagoa eta ezezagunagoa du.
Aroa Jilete Gonzalez (Gasteiz, 1992) Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria da gaur egun, eta 31 urte ditu. Zientzia Politikoetan eta Kudeaketa Publikoan graduatua da. 2020tik 2023ra bitartean, Javier Hurtado sailburu duen Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Saileko Kabinete eta Komunikazio zuzendaria izan zen. Aurretik, 2019tik 2020ra, Arabako Batzar Nagusietako prokuradorea izan zen, eta 2019ko udal hauteskundeetan zinegotzi hautatu zuten Eltziegoko Udalean. Gazte Sozialisten Batzorde Nazionaleko Mahaiko kidea izan da, eta, besteak beste, PSEren Arabako hauteskunde-bulegoan lan egin du. Halaber, PSEren Arabako batzorde exekutiboko kide da.
Hautagaiak, tantaka
Oraindik datarik ez dagoen arren, pixkanaka ari dira alderdiak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begirako beren zerrendaburuak aurkezten, baita Araban ere. Oraingoz, bi ziren jada ofizialki ezagutzen genituenak: alde batetik, Joseba Diez Antxustegi izango da EAJren hautagai nagusia gure lurraldean, eta jeltzaleek beren behin betiko zerrendak aurkeztu dituzte dagoeneko; bestetik, EH Bilduk ostegun honetan jakinarazi du Pello Otxandiano Kanpo izango dela subiranisten Arabako zerrendaburua.
Horiez gain, urrian eta azaroan egindako mugimenduen ostean, probableena da Javier de Andres Euskal PPren presidentea popularren lehendakarigaia izatea, bai eta Arabako zerrendaburua ere. Nolanahi ere, Alderdi Popularrak ez ditu, oraingoz, bere zerrendak aurkeztu.
Ezker ez subiranistari dagokionez, Podemos alde batetik joango da, eta Sumar, Ezker Anitza-IU eta Berdeak-Equo bestetik. Podemosek Miren Gorrotxategiren hautagaitza aurkeztu du ostiral honetan, Gasteizen; oraingoz ez dute Arabako zerrendabururik aurkeztu, baina zenbait iturrik Guillermo Presa edo Gustavo Anguloren izenak aipatu dituzte.