PSE-EEk hautagai guztiak aurkeztu ditu

Erredakzioa 2024ko ots. 9a, 16:31
Alderdiaren esanetan, "berrikuntza sakona" egin dute zerrendetan. Argazkia: PSE-EE

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Arabatik aurkeztuko duen zerrenda osoa ezagutarazi du PSE-EEk. Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Saileko egungo zuzendari Aiora Jiletek irekiko du Arabako zerrenda.

PSE-EEk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hautagaien zerrenda osoa aurkeztu du. Joan den astean aurreratutakoari jarraiki, Jaurlaritzan Turismo zuzendari diharduen Aroa Jilete (Gasteiz, 1992) izango da PSE-EEk Arabako zerrendaburua. Javier Hurtado eta Maria Jesus San Jose joango dira bigarren eta hirugarren postuan.

PSE-EEren lurraldeetako batzorde exekutiboek hautagaien zerrendak onartu ostean, hilaren 19n biltzekoa den EAEko Zerrenden Batzordeak berretsi beharko ditu proposamenak, eta 20an alderdiaren Espainiako Batzordeak onartu beharko ditu ere. Handik aurrera, "organo federalek" azken oniritzia eman beharko dute. Halere, hedabideei helarazitako ohar batean alderdiak behin betikotzat eman ditu aurkeztutako zerrendak, eta nabarmendu du "Batzorde Nazionalak berretsiko" dituela.

Alderdiaren esanetan, "berrikuntza sakona" egin dute zerrendetan. Izan ere, Jilete ez da izango zerrendaburu berri bakarra. Bizkaiko zerrendak alderdiaren egungo idazkari nagusi Eneko Andueza izango du lehen postuan —lehendakarigaia izango da— eta Gizpukoatik Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxaso joango da buru.

Jilete Politika Zientzietan graduatua da, eta, PSE-EEk bidalitako informazioaren zein Irekian agertzen den curriculumaren arabera, politika izan du beti ogibide. Besteak beste, Europako Parlamentuan Jaurlaritzaren laguntzailea izan da, Eltziegon zinegotzi izandakoa da, Batzar Nagusietan batzarkide, Lakuako Turismo saileko kabinete zuzendari eta, azkenik, Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria, Lakuan.

Hauek dira Arabarako hautagai guztiak:

  1. Aroa Jilete. Turismo eta Ostalaritza zuzendaria Jaurlaritzan
  2. Javier Hurtado. Turismo sailburua
  3. Maria Jesus San Jose. Legebiltzarkidea
  4. Alberto Alonso. Legebiltzarkidea
  5. Estibaliz Canto. Arabako Batzarkidea
  6. Adrian Fernandez. Turismo saileko aholkularia
  7. Maria Ibañez. Zinegotzia Eltziegon eta mahastizaina
  8. Jorge Juez. Administraria
  9. Susana Pavon. Administraria
  10. Dario Ocio. Zinegotzia Zanbranan
  11. Laura Fernandez
  12. Diego Ochoa de Aspuru
  13. Saioa Beistegui
  14. Roberto Atienza
  15. Itxiar Oribe
  16. Javier Entrena
  17. Irantzu Mateos
  18. Miguel Martin
  19. Nagore Gutierrez
  20. Natxo Saenz
  21. Soukeina Ahmed Zeine Ely Salem
  22. Oscar Layana
  23. Eva Aisa
  24. Raquel Zabala
  25. Txarli Prieto

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide