Larunbat honetan, ekainaren 17an, osoko bilkuran jabetuko dira karguez 2023tik 2027ra bitartean Gasteizko udalbatza osatuko duten kide berriak. Udalak gaur jakitera eman duenez, alkatea izendatzeko saioa 09:00etan hasiko da, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, eta Udalaren YouTubeko kanalean jarraitu ahal izango da.
Osoko bilkurak hasteko ohiko ordutegia den arren, ezohikoa da udalbatza eratzeko hitzorduetan, normalean eguerdian izaten baitira. Azken orduko aldaketak saihesteko erabakia izan daiteke —2015ean Javier Marotorekin gertatu zen bezala—, hainbat iturriren arabera. Ekitaldia udaleko idazkari nagusi Martin Gartziandiak irekiko du, eta, jarraian, adin-mahaia osatuko da; zinegotzi adintsuenak, Jon Armentiak (PSE), zuzenduko du, kide gazteenak, Maria Nanclaresek (PSE), lagunduta.
Gertagarriena da Maider Etxebarria (PSE) izatea Gasteizko alkate berria, baina horretarako, EAJrekin udal gobernua osatzeaz gain, PPren babesa beharko du. Ainhoa Domaika PPren zerrendaburuak baieztatu du popularren doako babesa bermatuta dagoela, baina, hala ere, goizean zehar beste udaletan gerta litekeenak eragina izan lezake Gasteizen. Badaezpada osoko bilkura goizean goiz deitzeak hiriburuko aurreikuspenak blindatzeko helburua izan dezake.
Isilpeko bozketa bidez, guztira 27 zinegotziren artean aukeratuko da alkate berria: EH Bilduko zazpi, PSE-EEko sei, PPko sei, EAJko sei eta Elkarrekin Podemoseko bi. Gehiengo osoa lortu nahi duen hautagaitzak gutxienez 14 zinegotziren aldeko botoa beharko du. Gehiengo osoa osatzeko akordiorik ez balego, boto gehien lortu dituen zerrendako buru den zinegotzia izendatuko litzateke alkate.
Adin-mahaiaren lehendakariak emango dizkio aginte-makila eta udalaren domina hautetsitako alkateari, aretoaren erdian. Ekitaldia amaitzeko, alkate hautatu berriak hitzaldi labur bat egingo du.
EH Bilduko Rocio Viteroren hautagaitza ere mahai gainean izango da. Kasu hipotetiko batean PPren babesa azken orduan galduz gero, Maider Etxebarriak alkatetza galduko luke, eta PSE-EAJ udal gobernua osatu beharrean, zerrenda bozkatuenak (EH Bildu) eskuratuko luke alkatetza.
PAKTOMETROA
Saltsa, herrietan
Egia da inon ez dagoela ezer idatzita, baina hiriburuan ezustekoetarako tarte gutxi gelditzen den bitartean, Arabako hainbat udalerritan aukera asko daude zabalik oraindik larunbaterako.
Adibidez, Arabako Errioxan edozer gerta liteke oraindik. PPk giltza du Oionen EH Bilduri (5 zinegotzi) alkatetza kentzeko, bere bi zinegotziek EAJ (3) eta PSEren (2) arteko koalizio gobernua babesten badute; gertagarriena da, hain zuzen ere, hori gertatzea. Bastidan eta Guardian, berriz, EAJk erabaki konplexuagoa hartu beharko du: bere burua alkatetzara aurkeztu eta EH Bilduk bermatutako babesa jasotzea; edo alkategaia aurkezteari uko egin eta, zuzenean, PPren esku uztea.
- Guardia: EAJren alkategaiak hautagaitza aurkeztuko duela eta EH Bilduren babesa onartuko duela esan du, PPren kritika eta Sabin Etxearen ñabarduren artean. Benetan zer gertatuko den, ordea, datozen egunetan ikusiko da: PPk lau zinegotzi ditu, EAJk hiru eta EH Bilduk bi.
- Bastida: EH Bilduk, ostiralean zabaldutako ohar batean, "PP berriro kanporatzeko konpromisoa" berretsi du. Leire Garbaio buru duen udal taldeak adierazi du "gure esku dagoen guztia" egingo duela "Alderdi Popularra Bastidako udal gobernutik aldentzeko". Kasu honetan ere, PPk lau zinegotzi ditu, EAJk hiru eta EH Bilduk bi. Eguneratuta: Edu Barinaga Bastidako alkategaiak karguari uko egin dio.
Arabako Errioxan jokatuko den partidaz harago, Kuartangon, Zigoitian eta Erriberabeitian ere izango da saltsa, antzeko egoera batekin:
- Kuartango: EH Bildu da indar bozkatuena, hiru zinegotzirekin; EAJ bigarrena, eserleku kopuru berdinarekin; PPk zinegotzi bakarra du. PPren babesarekin, EH Bilduri alkatetza kentzeko aukera dute jeltzaleek.
- Zigoitia: EH Bildu da indar bozkatuena, lau zinegotzirekin; EAJ bigarrena, beste lau ordezkarirekin; hemen ere PPk zinegotzi bakarra du. EAJk alkatetza lor dezake, PPren babesarekin. EH Bilduk "gobernu akordio egonkor bat" adosteko deia egin dio EAJri, Zigoitiko "beharrei erantzuteko" eta "PPk udalerriaren etorkizuna markatzea saihesteko".
- Erriberabeitia: Erriberabeitia Bizirik talde independentea izan da indar bozkatuena, eta lau eserleku ditu; EAJk hiru ordezkari ditu; eta PPk, berriz, bi zinegotzi. EAJk, PPren babesa onartu eta bere burua aurkeztuz gero, alkatetza ken diezaieke independenteei. Eguneratuta: Erriberabeitia Bizirik-ek gobernatuko du, PPko zerrendako bi zinegotziekin adostu ostean.
Beste hainbat udalerritan ere oraindik ez dago erabat argi zer gertatuko den, besteak beste:
- Laudio: Omniak (3) izango du giltza alkatetza EH Bildu (7) ala EAJrentzat (6) izango den erabakitzeko. Jeltzaleek PSEren (1) babesa bermatuta izango dute. Eguneratuta: Ainize Gastaka (EH Bildu) izango da Laudioko alkate berria, Omniaren babesarekin.
- Dulantzi: DTI-AIA independenteen (4) eta EH Bilduren (2) arteko akordio bat litzateke EAJri (5) alkatetza kentzeko aukera bakarra.
- Aiara: Aiara Batuz independenteen (3) eta EH Bilduren (3) arteko akordio bat litzateke EAJri (5) alkatetza kentzeko aukera bakarra.
- Arratzua-Ubarrundia: EAJ, Goazen talde independentea eta EH Bildu berdinduta daude, hiruna zinegotzirekin.
UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK 2023
|
|