Araban zalantzan dauden alkatetzen artean, bat gutxienez argitu du ostegun goizak: EH Bilduk eta Omniak Laudioko udal gobernua osatuko dute datozen lau urteetan, eta zerrenda bozkatueneko zerrendaburu Ainize Gastaka izango da alkate berria. Orain arte alkate izandako Ander Añibarro jeltzalea oposizioan geratuko da datozen lau urteetan.
Hala erabaki zuten atzo talde independentearen batzarrean bildutako 60 bat lagunek, eta bozeramaileek gaur bertan plazaratu dute erabakia, Laudioko udalbatza aretoan eskainitako agerraldian. "Ez dugu hautatu alderdia edo alkategaia, baizik eta proiektua", argi utzi nahi izan dute.
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeen ostean, Omniak (3 zinegotzi) giltza zuen alkatetza EH Bildurentzat (7) ala EAJrentzat (6) izango zen erabakitzeko. Jeltzaleek PSEren (1) babesa bermatuta zuten. Bi alderdi bozkatuenekin izandako negoziazioen ondoren independenteek hartutako erabakiak EH Bildu-Omnia koalizio gobernuari emango dio gehiengo osoa: hamazazpi zinegotzietatik, hamar.
Oraindik akordioaren xehetasunak ixtea falta bada ere, Alvaro Barrios talde munizipalistaren bozeramaileak aurreratu du tokiko gobernu batzar berrian gehiengoa duten hiru alderdiek ordezkaritza orekatua izango dutela; hau da, EH Bilduk, EAJk eta Omniak bina ordezkari izango dituzte. Gobernu sailak, berriz, subiranisten eta independenteen artean banatuko dituzte: EH Bilduk hiru izango ditu (alkatetza barne), eta Omniak, berriz, bi.
"Agerian geratu da Omniari emandako boto erabilgarriak alkatetza erabakitzea ahalbidetu duela lehen aldiz", ospatu du Barriosek.
Arabako zein alkatetza daude jokoan?
Larunbat honetan, ekainaren 17an, udal hauteskundeetatik ateratako udalbatzak osatuko dira, baita alkate berriak izendatu ere. Araban zalantzan dauden alkatetzen artean, bi argitu du ostegun goizak: kasu honetan, EH Bilduk eta Omniak Laudioko udal gobernua osatuko dute datozen lau urteetan; bestalde, Erriberabeitia Bizirik-ek gobernatuko du Erriberabeitiko Udala.
Guardia, Bastida, Kuartango, Zigoitia, Erriberabeitia, Dulantzi, Aiara eta Arratzua-Ubarrundiako udaletan, besteak beste, edozer gerta daiteke oraindik.
|
|