"Hurrengo lau urteak ezin dira gauza bera izan. Gasteizek aurrera egin behar du, eta Alderdi Popularra erabakigarria izango da", azpimarratu du Ainhoa Domaika PPren Gasteizko zerrendaburuak, ostiral honetan bere taldekideekin batera egindako agerraldian. Legegintzaldi honetarako "akordio handiak" eskainiko dizkie Domaikak PSE eta EAjri, "gasteiztarrentzat lehentasunezkoak diren arlotan, Gasteiz norabidez aldatzeko".
Arabako hiriburuaren "egonkortasuna bermatzeko" asmoz, akordioak lortzeko zazpi eremu aipatu ditu Domaikak: enplegua eta ekonomiaren suspertzea, segurtasuna, trafikoa, Hiri Antolamenduko Plan Orokor "hobe" bat, osasungintza "hobea", hiriaren "eraldaketa" eta ingurumena.
"EAJren eta PSOEren eredua higatu da Gasteizen, eta gasteiztarren gehiengoaren erantzun sendoa jaso du hautetsontzietan", ohartarazi du bozeramaile popularrak. "Gasteiztarrek Alderdi Popularrari hautetsontzietan eman dioten zeregin erabakigarriari erantzutea izango da nire konpromisoa".
Beraz, ofiziala da jada: ekainaren 17tik aurrera, Gasteizko alkate berria Maider Etxebarria PSEren hautagaia izango da, EAJrekin koalizioan, eta gobernutik kanpo geratuko den PPren aldeko botoekin. EH Bilduren alkategai Rocio Viterok oposizioan jarraituko du, zazpi zinegotziz osatutako udal taldearekin.