Udal hauteskundeen ostean, ekainaren 17an osatuko dira udalbatzak Arabako udaletan. Hiriburuan ezustekoetarako tarte gutxi gelditzen da jada, PSE-EAJ koalizioak PPren babesa bermatuta izango duela baieztatu ostean.
Baina Arabako Errioxan edozer gerta liteke oraindik. PPk giltza du Oionen EH Bilduri (5 zinegotzi) alkatetza kentzeko, bere bi zinegotziek EAJ (3) eta PSEren (2) arteko koalizio gobernua babesten badute; probableena da, hain zuzen ere, hori gertatzea. Bastidan eta Guardian, berriz, EAJk erabaki konplexuagoa hartu beharko du: bere burua alkatetzara aurkeztu eta EH Bilduk bermatutako babesa jasotzea; edo alkategaia aurkezteari uko egin eta, zuzenean, PPren esku uztea.
Guardiaren kasuan, EAJren alkategaiak hautagaitza aurkeztuko duela eta EH Bilduren babesa onartuko duela esan du, PPren kritika eta Sabin Etxearen ñabarduren artean. Benetan zer gertatuko den, ordea, datozen egunetan ikusiko da: PPk lau zinegotzi ditu, EAJk hiru eta EH Bilduk bi.
Bestalde, Bastidako EH Bilduk, ostiral honetan zabaldutako ohar batean, "PP berriro kanporatzeko konpromisoa" berretsi du. Leire Garbaio buru duen udal taldeak adierazi du "gure esku dagoen guztia" egingo duela "Alderdi Popularra Bastidako udal gobernutik aldentzeko". Kasu honetan ere, PPk lau zinegotzi ditu, EAJk hiru eta EH Bilduk bi.
"Duela lau urte egin genuen, eta berriro egingo dugu. Izan ere, interes alderdikoien gainetik edo gure udalerritik kanpo egin daitezkeen negoziazioen gainetik, ziur gaude Bastidan PPren gobernu batek iraganera begira jartzen gaituela, ez dituela herritarren arazoak konpontzen eta ez diela helduko gure udalerriak dituen erronka handiei", azaldu dute. "Egiten duguna esaten dugu eta esaten duguna egiten dugu. Horregatik, gure konpromisoa argia da. Ildo berean, udalerriko gainerako alderdi politiko eta gizarte eragileak animatzen ditugu erantzukizunetik Bastidako beharrei lehentasuna ematera".
Saltsa, herrietan
Ezustekoak izatekotan, beraz, Arabako herrietan gertatuko dira, eta ez hiriburuan. Gainera, Arabako Errioxan jokatuko den partidaz harago, Kuartangon, Zigoitian eta Erriberabeitian ere izango da saltsa, antzeko egoera batekin:
- Kuartango: EH Bildu da indar bozkatuena, hiru zinegotzirekin; EAJ bigarrena, eserleku kopuru berdinarekin; PPk zinegotzi bakarra du. PPren babesarekin, EH Bilduri alkatetza kentzeko aukera dute jeltzaleek.
- Zigoitia: EH Bildu da indar bozkatuena, lau zinegotzirekin; EAJ bigarrena, beste lau ordezkarirekin; hemen ere PPk zinegotzi bakarra du. EAJk alkatetza lortu dezake, PPren babesarekin.
- Erriberabeitia: EH Bildu beharrean, Erriberabeitia Bizirik talde independentea izan da indar bozkatuena, eta lau eserleku ditu; EAJk hiru ordezkari ditu; eta PPk, berriz, bi zinegotzi. EAJk, PPren babesa onartu eta bere burua aurkeztuz gero, alkatetza ken diezaieke independenteei.