Erriberabeitia Bizirik-ek gobernatuko du

Erredakzioa 2023ko eka. 15a, 15:50

Erriberabeitia Bizirik talde independentea, kanpainako argazkian. Argazkia: RBB

Amado Martinez de Iturrate izango da Erriberabeitiko alkatea, PPko zerrendako bi zinegotzirekin adostu ostean. "Gaur gaurkoz, hitzezko konpromisoa dugu gobernatu ahal izateko", esan du alkategai independenteak.

EAJk Añanako Kuadrillako aspaldiko udal gobernua galduko du larunbat honetan, gaurko aurreikuspenak betetzen badira; horrenbestez, Erriberabeitia Bizirik talde independenteko Amado Martinez de Iturrate izango da Añanako bigarren udalerriko alkatea hurrengo legegintzaldian.

Azken agintaldian, EAJk PSEko zinegotzi bakarraren babesarekin gobernatu du. PSEk ordezkari hori galdu du, eta horrela, osoko bilkuran, Erriberabeitia Bizirik-eko lau ordezkari, EAJko hiru eta PPko bi dira.

Martinez de Iturratek ALEAri azaldu dionez, "gaur gaurkoz" hitzezko hitzarmena dute PPk udalerrian dituen bi zinegotzirekin, Erriberabeitia Bizirik-ek gobernatu ahal izateko. "Ez dakit nola egingo duten udal batzarrean, abstenituko diren edo guri bozkatuko diguten; baina gure gobernua erraztuko dutela esan digute".

Nolanahi ere, eta azken orduotan gertatu diren "mugimenduak" ikusirik, Martinez de Iturratek ohartarazi du larunbatera arte –Ribabellosan 12:00etan egingo dute udalbatza– ezin dela ezer ziurtzat jo. "Dena den, azken lau urteetan, oposizioan, elkarrekin egon gara, EAJren gelditasunaren aurrean, eta guretzat gakoak diren gaiak eta kezkak haiekin partekatzen ditugu", esan du.

Tren sozialaren alde

Lehenbiziko aldia da Erriberabeitia Bizirik-ek udalerria gobernatuko duela, maiatzeko udal hauteskundeetan bere ordezkaritza bikoiztea lortu eta bi zinegotzi izatetik lau izatera igaro ostean. AHTak Erriberabeitian eragingo dituen kalteak arintzearen aldeko jarrera garbia azaldu du taldeak oposiziotik, eta Tren Sozialaren alternatibaren alde agertu dira.

Gainera, Ekiola parke fotovoltaikoaren ondoan bizi arren, Erriberabeitiko bizilagunentzat argindarraren kostua %30 igo dela salatu dute. Halaber, gazteentzako alokairuzko etxebizitzak eraikitzeko konpromisoa hartu dute.

Arabako zein alkatetza daude jokoan?

Larunbat honetan, ekainaren 17an, udal hauteskundeetatik ateratako udalbatzak osatuko dira, baita alkate berriak izendatu ere. Araban zalantzan zeuden alkatetzen artean, bi argitu du ostegun goizak: kasu honetan, Erriberabeitia Bizirik-ek gobernatuko du Erriberabeitiko Udala; bestalde, EH Bilduk eta Omniak Laudioko udal gobernua osatuko dute datozen lau urteetan.

Guardia, Bastida, Kuartango, Zigoitia, Dulantzi, Aiara eta Arratzua-Ubarrundiako udaletan, besteak beste, edozer gerta daiteke oraindik.

Udal hauteskundeen emaitzak

Arabako foru hauteskundeen emaitzak
 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago