Raul Garcia Guardiako alkategai jeltzaleak baieztatu du bere hautagaitza aurkeztuko duela alkate izateko. Radio Euskadik aurreratu duenez, EH Bildurekin gobernu akordioa errepikatzearen alde agertu da, bi alderdiek gehiengo "oso zabala" dutelako.
Joan diren hauteskundeetan PPk 345 boto eta lau zinegotzi lortu ditu, EAJk 332 boto eta hiru zinegotzi, eta EH Bilduk 168 boto eta bi zinegotzi. PSE-EEk, berriz, zuen zinegotzi bakarra galdu du. EH Bilduk baieztatu du EAJren hautagaia babestuko duela Cesar Garcia de Olanori (PP) alkatetza kentzeko. Arnaldo Otegi buru duen alderdiak iragarri zuen PP udalen kudeaketatik "mugiarazteko" aurkeztuko ziren hautagaitzak babestuko zituela.
"Erantzukizun politikoa"
Iñaki Oiarzabal PPren Arabako eledunak, bere aldetik, kolokan jarri du Guardiako EAJk hartutako erabakia, goizean eginiko adierazpenetan. "Hori gizon batek elkarrizketa batean esan duena da, erabakia ez dute ofizialki hartu, eta EAJk esan digu ez dutela baieztatu. Zuhurtzia. Gauza bat da norberaren gogoa, eta bestea erantzukizun politikoa".
PPrentzat "marra gorria" litzateke EAJk akordioak lortzea EH Bildurekin, Oiarzabalek gogoratu duenez. "EAJk ezin ditu hautagaiak aurkeztu Guardian eta Bastidan, EH Bildurekin akordioa dutela esan nahi baitu horrek".