Jaietarako zabalik, euskal kulturaren loraldia ospatu du GEU Txosnak

Erredakzioa 2022ko abu. 3a, 19:00

GEU Elkartearen txosna Aihotz plazara itzuli da, eta abuztuaren 3tik 9ra zabalik izango da. GEU Saria Oihaneder Euskararen Etxeari eman diote, eta Aitor Vinagret, Ane Gebara, Azido Folkloriko eta Trikomaren eskutik jarraitu du festak.

Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaien bezpera dugu gaur, eta gaurtik aurrera berriz ere Aihotz Plazan izango da GEU Elkartearen txosna, jarri zen azken alditik hiru urtera, pandemiaren ondorioz. Abuztuaren 3tik 9ra izango da zabalik, eta Gasteizko jaietako programazioaren barruan eskainiko diren 400 ekitaldi ingururen plazetako bat izango da gune hori.

Jaietan euskararen eta euskal kulturaren presentzia indartzearekin batera, GEU Elkartearen finantziazio iturri garrantzitsua da GEU Txosna; 2013tik aurrera Blusa eta Nesken Elkartearen bitartez —txosnaren kudeatzaile ohia— eta 2019tik modu zuzenean GEU Elkarteak kudeatuta.

Zazpi urte horietan urtero bezala, aurten ere sei langile izango dira txosnaren programazioa aurrera ateratzeko, baina bederatzi egunetako txanda guztiak betetzeko 200 boluntario izango dira guztira, montajerako, barrarako eta desmontajerako. Txosna goizetik goizaldera egongo da zabalik, baina txanda guztiak lau ordukoak dira, edonork egiteko modukoak.

Abuztuaren 3an, loraldia

GEU Txosnaren "loraldia" gaur izan da, abuztuaren 3an, asteazkenean, Gasteizko jaien hasiera egunaren bezperan. 18:00etan, txosnaren inaugurazioa eta GEU Sariaren banaketa egin dute, Oihaneder Euskararen Etxearen ibilbidea aitortuz; ondoren, 19:30ean Eman egurre Pinotxo haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute Aitor Vinagret eta Ane Gebara aktoreek; jarraian, 20:00etan, dantza plazan izango da, Azido Folkloriko taldearekin; eta, azkenik, Trikoma bandak kontzertua eskainiko du 22:00etatik aurrera.

Kontzertuak, bertsoak eta folklorea

Gasteizko jaiaren programazio ofizialaren barruan, Aihotz plaza izango da musikaz gozatzeko plazetako bat. Egunero 00:00etan euskarazko kontzertuak izango dira, inaugurazio egunz gain, abuztuaren 5etik 8ra bitartean:

  • Abuztuak 5, ostirala: Gozategi
  • Abuztuak 6, larunbata: Olatz Salvador
  • Abuztuak 7, igandea: Harresian Zulo
  • Abuztuak 8, astelehena: Neomak

Kontzertuez gain, Aihotz plazak bertso saio paregabeak hartuko ditu egunero 13:30ean, Arabako Bertsozale Elkartearen eta honako bertsolarien eskutik:

  • Abuztuak 5, ostirala: Oihane Perea eta Nerea Elustondo
  • Abuztuak 6, larunbata: Maddi Agirre, Iñaki Viñaspre, Aitor Etxebarriazarraga eta Sarai Robles
  • Abuztuak 7, igandea: Ekaitz Samaniego, Manex Agirre, Maddi Sarasua eta Oihana Iguaran
  • Abuztuak 8, astelehena: Paula Amilburu, Orlando Arreitunandia, Joanes Illarregi eta Nerea Ibarzabal
  • Abuztuak 9, asteartea: Andere Arriolabengoa, Unai Anda, Jone Uria eta Beñat Gaztelumendi

Bestalde, jaietan zehar euskal folkloreko askotariko ikuskizun eta emanaldiak izango dira ere:

  • Egunero:
    • 12:30 Trikitixa emanaldia, Udal Folklore Akademiako trikitilariekin
    • 21:00 Larrain Dantza eta Txulalai, Udal Folklore Akademiako gaita-jotzaileekin
  • Abuztuak 5, ostirala: 19:30 Txistulari kontzertua, Euskal Herriko Txistulariak, Udal Folklore Akademia, Indarra Dantza Taldea, Mulixka Dantza Taldea eta Arkaitz Añorgako Dantzarien eskutik.
  • Abuztuak 6, larunbata: 19:30 Korrontzi
  • Abuztuak 7, igandea: 19:30 Harria ikuskizuna, Mulixka Dantza Taldearen eta Iñaki Perurenaren eskutik
  • Abuztuak 8, astelehena: 19:30 Harribitxi ikuskizuna
  • Abuztuak 9, asteartea: 19:30 Dantza Plazan, Udal Folklore Akademiarekin

ALEA ere plazan

Ekitaldi eta festa artean, Arabako ALEAk ere Aihotz plazan izango du txokoa jaietako egun nagusian, abuztuaren 5ean. 13:00etatik aurrera, Gasteizko jaietako aldizkari berezia banatzearekin batera, umeentzako opariak izango dira, eta bertako produktuen saski baten zozketan parte hartu ahal izango dute gerturatzen direnek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide