Euskal presoen eskubideen aldeko aldarria presente egongo da Gasteizko jaietan

Erredakzioa 2022ko abu. 1a, 16:30

Presoen eskubideen aldeko kalejira, 2018ko Gasteizko jaietan. / Argazkia: SORTU

Gasteizko jaien bezperan, abuztuaren 3an, Sare Herritarrak manifestazioa egingo du Etxera bidea gertu lelopean. Horrez gain, jai guztietan zehar Kalera Karpa izango da txosnagunean, eta abuztuaren 5ean Elkartasun Eguna ospatuko dute.

Urtero bezala, abuztuaren 4tik 9ra bitarteko ospakizunekin batera, aurten ere euskal presoen eta beren senideen eskubideak aldarrikatuko dituzte Gasteizko jaietan.

Alde batetik, astelehen honetan hasi dira Gasteizko Txosnak muntatzeko lanak. Sei egunez, zortzi txosna, hiru karpa, lau oholtza eta 38 kontzertu izango dira txosnagunean. Eta horien artean izango da Kalera Karpa, presoen eskubideen aldeko mugimenduak kudeatutako gunea, jateko eta edateko eskaintza zabalarekin.

Txosnetan elkartasun ekonomikoa gauzatzeaz gain, presoen eskubideen aldeko eta salbuespeneko espetxe politikaren kontrako bi hitzordu nagusi izango dira jaietan. Lehenengoa jaien bezperan izango da, hilaren 3an, asteazken honetan: Etxera bidea gertu lelopean, Sare Herritarrak manifestazioa deitu du, 18:00etan Bilbo plazatik. Izan ere, urriaren 8an manifestazio nazionala eta jaialdia izango dira Donostian, Izan Bidea dinamikari amaiera emateko; horren aurretik, mobilizazioak egingo dituzte hiriburuetan: abuztuaren 20an Donostian, eta hilaren 26an Bilbon.

Bestalde, abuztuaren 5ean, ostiralean, Elkartasun Eguna ospatuko dute jaien barruan, pandemiaren aurretik urtero bezala. Egitaraua 15:00etan hasiko da, Landatxo kiroldegian egingo den herri bazkariarekin. 20:00etan ostiraleroko presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan; horren ostean, 20:30ean, kalejira bat abiatuko da plazatik txosnaguneraino, 21:00etan agertoki nagusian ekitaldia egiteko. Gau horretan, Nhil, Tremenda Jauria eta Sara Heberen kontzertuak izango dira txosnetako eszenatoki nagusian.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago