Albiste onak Arabako musika eszenarako. Etorkizun oparoa dago lurraldean, zalantzarik gabe, baina noizean behin beharrezkoak dira horren adierazgarriak. Eta Gasteizko Umami musika taldeak EITBk antolatutako Gaztea Cover bertsio lehiaketaren finala irabazi du astearte honetan.
Gasteizeko Foruen Plazan hamar lehiakideren artean jokatutako bigarren finalerdian, Iseo & Dodosounden Chan Chan kubatar abestiarekin —jatorrizko bertsioa Compay Segundorena da— sailkatu ziren gasteiztarrak. Final handira, berriz, Amy Winehousen Valerie kantarekin joan dira. Finalista guztien bertsioa entzunda, epaimahaiak bi aukeratu ditu superfinalerako: Umami eta Danel Sarasua.
Epaimahaiaren erabakiz, laukote gasteiztarrak irabazi du lehiaketa bera eta 2.000 euroko saria. Bestalde, entzuleen Saria Uxue Kerejetak irabazi du.
Kontserbatorioan ezagutu zuten elkar Umami taldeko lau kide gazteek, eta Gaztea Cover lehiaketa irabazteak behar bezalako bultzada emango die bidea egiten jarraitzeko. Laster iragarriko dituzte beren lehen kontzertuak.