Gasteizko jaietan Euskaraldiaren entsegua egingo dute blusa eta nesken kuadrillek

Erredakzioa 2022ko uzt. 27a, 20:00

Jai giroan ere euskara ahoz aho eraman nahi du Blusa eta Nesken Batzordeak, eta hamabost kuadrillek Euskaraldiaren entsegu bat egingo dute abuztuaren 6an. Parte hartzea "pertsonala, boluntarioa eta askea" izango da.

Hiru urteren ostean berriz ere ate joka dauden Gasteizko jaietan euskararen erabilera bultzatzeko aurrekaririk gabeko elkarlana iragarri dute Euskaraldiak eta Blusa eta Nesken Batzordeak, Jai giroan ere euskara ahoz aho lelopean.

Abuztuaren 6an Euskaraldiaren entsegu bat egingo dute. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala, Hitzez ekiteko garaia lelopean, baina blusek eta neskek harago joan nahi izan dute, eta Andre Maria Zuriaren jaietan ere beren aletxoa jarri.

Egun horretan bereziki, baina baita jaietako beste egunetan ere, Nesken eta Blusen Batzordea osatzen duten kuadrilletako kideak ahobizi edo belarriprest rola aukeratu ahal izango dute, eta pegatinak banatuko dira parte hartuko dutenen artean, elkarren artean identifikatu ahal izateko.

Gainera, ekimen honetan parte hartzeko deia luzatu diote Gasteiz eta Arabako herritar zein kolektibo orori. "Elkarrekin, batera, kaleak euskaraz astinduko ditugu", aldarrikatu du Amaia Isasi Iribarrek, Blusa eta Nesken Batzordearen izenean.

 

Nola gauzatuko da ekimena?

"Eragin kolektiboa duen ariketa pertsonala izango da", azaldu du Gasteizko Euskaraldiaren koordinatzaile Azaitz Unanue Goikoetxeak. Halaber, parte hartzea "pertsonala, boluntarioa eta askea" izango da.

Horrela, ahobizi rola aukeratzen dutenek egun guztian zehar ulertzen duen pertsona ororekin euskaraz hitz egingo du, betiere lehen hitz edonoren aurrean euskaraz eginda; ulertzen dutenekin euskaraz jarraituko du, eta elkarrizketa elebidunak posible direnean euskaraz arituko da.

Bestalde, belarriprest rola aukeratzen dutenek eurengana hurbiltzen den orori berari euskaraz egiteko gonbita egingo dio. Aldi berean, berak aukera izango du erantzuna euskaraz zein erdaraz egiteko.

"Rolek ez dute zerikusirik gaitasunarekin", azpimarratu du Unanuek. "Ahobizi izan zaitezke gaitasun oso ona eduki gabe. Jarrera da kontua, zuk dakizun horrekin egun guztian euskarari eusteko konpromisoa hartzen duzu. Era berean, gaitasun bikaina izanda ere, belarriprest izan zaitezke, egun guztia euskarari eusteko ahalegina aurrera eramateko gai ikusten ez baduzu zure burua".

Zein kuadrillek parte hartuko dute?

Kuadrilla bakoitzaren parte hartzea kuadrillaren barruan adostuko da. Parte hartzea erabakitzen duten kuadrillek ahobizi edo belarriprest rola hartzea sustatuko du kideen artean, bai abuztuaren 6an, bai jaietan zehar, eta baita Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere; betiere, inor behartu gabe.

Oraindik kuadrilla gehiago sartzeko aukera zabalik dagoen arren, momentuz hamabost kuadrillak eman dute izena: Akelarre, Basatiak, Belakiak, Bereziak, Desiguales, Galtzagorri, Hegotarrak, Nekazariak, Petralak, Siberiarrak, Txinpartak, Txirrita, Txolintxo, Zintzarri eta Zoroak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago